Liztor asiarrari kolektiboki aurre egiteko deia zabaldu dau Maider Lejarreta erlezainak

Urremendik eta Bizkaiko Erlezainen alkarteak berbaldi irekia antolatu dabe biharko Ekoetxea Urdaibain

Maider Lejarreta: “Liztor asiarrarena ez da erlezainen bakarrik arazoa, danon kontua da”

Listor asiarraren mehatxua gero eta agerikoagoa da gure ingurumenean, eta horren aurrean neurririk eraginkorrenak bilatzea ezinbesteko bihurtu da. Horixe azpimarratu deusku Maider Lejarreta erlezainak Bizkaia Irratiko Lau Haizetara saioan.

Maider Lejarretak argi azaldu dau listor asiarrak kalte ekologiko eta ekonomiko handiak eragiten dauazala, eta batez be, erleentzat mehatxu zuzena dala. Bere esanetan, “ezin dogu urte guztian zehar erlategirik mantendu”. Egoera larri horregaitik, erlezain askok, profesionalek batez be, beste lurralde batzuetara jo dabe, Burgos, Araba edo Palentzia aldera, euren lanari eusteko. Lejarretak tranpeo masiboaren eta erreginen harrapaketen garrantzia azpimarratu dau, bai udabarrian zein udagoienean, listor asiarraren populazinoa kontrolpean izateko. Tranpa errazak erabili daitekezala azaldu dau, etxean bertan egindakoak.

Urremendi landa garapen alkarteak eta Bizkaiko Erlezainen alkarteak antolatuta, bihar eguerdian, hitzaldi irekia egingo da Ekoetxea Urdaibain, listor asiarraren inguruko informazinoa eta esperientziak partekatzeko. ‘Liztor baltza, Vespa Velutina Urdaibai 2025’ txostena be aurkeztuko dabe. Txostenean agertzen dan moduan, habi gehienak herriguneetan topau dira, eta ez baserri inguruetan, “eta horrek erakusten dau arazoa ez dala landa eremukoa bakarrik”. Maider Lejarretak dei egin deutso gizarte osoari: “Ez da erlezainen arazoa bakarrik, danon kontua da. Boluntarioen lana garrantzitsua da, baina ikerkuntza bultzatzea be ezinbestekoa da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00