Eusko Legebiltzarra osotzeko bilkurea maiatzaren 14an egingo dabe

"Jaurlaritza barria eratzeko negoziazinoetan ezbardintasunek be urten behar dabe" esan dau EAJko legebiltzarkideak

Maitane Ipiñazar (EAJ): “Gobernu sendo eta egonkor bat osotu gura dogu”

Maitane Ipiñazar (EAJko legebiltzarkidea) / Bizkaia Irratia

Jaurlaritza osotzeko EAJren eta PSEren arteko negoziazinoak bide onetik doazela esan dau gaur Goizeko Izarretan EAJko Maitane Ipiñazarrek. Igorreko politikariak atzo hartu eban Gasteizko ganbaran legebiltzarkide izateko aktea. “Guretzat orain erronka nagusia Osakidetza da, herritarren adina aldatuz joan da eta emon beharreko zerbitzuak aldatuz joan dira eta horretan aurrera egin behar dogu” azaldu dau Ipiñazarrek. PSE-EEren eta EAJren arteko ezbardintasunak estaduko Etxebizitzaren Legean edo autogobernua indartzeko esparruan dagoz. “Gobernu eratzeko negoziazinoetan ezbardintasunek be urten behar dabe, uste dot gai horreetan gitxieneko adostasun bat lortuko dala, esperantzea dekot horretan” gaineratu dau politikari bizkaitarrak.

Ultraeskuina zelan gelditu?

“Mundu mailako biolentziak gora egin du, baita pertsonen kontrako erasoek, eta horrek asko kezkatzen gaitu” adierazo dau EAJko legebiltzarkideak. Ipiñazarren berbetan ultraeskuindarren hazkundea mundu mailako mogimendua da eta espainiar estaduan orain ikusi beharko da Sanchezek zeintzuk erabagi hartu behar dauzen. “EAJk Sekretu Ofizialen Legearen aldaketea behin ta barriro eskatu dau eta Botere Judizialaren Kontseilua barritzea ondo dago baina hori gehiengo soilagaz egitearen aukeraz gogoeta sakona egin behar da” aitatu dau Ipiñazarrek.

Gazan gertatzen dabilenari buruz eta Israeleko enpresa batzukaz erakunde batzuk hasitako boikotari buruz galdetu deutsagu, baita Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean gai horretan euki beharko leuken jarrereari buruz be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular