Portugaleten izango dira ekitaldiak

Karidadeagaz lotutako kristinau alkarteen urteroko jardunaldia da

Maitasunaren eguna ospatuko dau Caritasek

Maitasunaren eguna / Bizkeliza

Maitasunaren eguna ospatuko dau Caritasek eguen honetan Portugaleten. Gorpuzti-Egunagaz bat dator aurten Maitasunaren Eguna edo karidade eguna. Kristinau alkarteek urtero ospatzen daben jardunaldia da honakoa. Itxaropenez margotuko da eguna, “Alkarregaz, camino de esperanza” leloa aukeratu dabe. Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak esan deuskunez, jubileu urtea be bada aurten, eta ekitaldi berezia izango da eguenekoa.

Boluntarioen lana oinarri

Boluntarioek Caritasen daukien garrantzia azpimarratu gura da egueneko ekitaldiaren bitartez. Unzuetak gogoratu dauanez, boluntarioak oinarria dira Caritasen. Igazko txostenean azaltzen danez, 1.800 boluntario daukaz Caritasek Bizkaian, %80 emakumeak. Azpimarratzekoa da igaz 277 boluntario barri batu zirala. Boluntarioen laguntzaren hartzaile direnak be gogoratuko dira egueneko ekitaldian. Portugaleteko Andra Mari basilikan egingo dira ekitaldia arratsaldeko lau ta erdietan hasita. ‘Begiradak I.bikaritzara. Ibilbide txikiak’ egingo dira hasteko. Ibilbidea oinez egin ezin dauanarentzat, ibilbide birtuala eskeiniko da. Portugaleteko historiaren ganeko antzezlana be izango da, eta amaitzeko, Joseba Segura gotzaina buru dala eukaristia izango da eguenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00