BUILD:INN (lehen ERAIKUNE) Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak informazino-jardunaldia egin eban Bizkaiko Aparejadoreen Elkargo Ofizialean, industriako profesionalei eraikuntzako hazkuntza-arlo nagusia dan birgaitzetako joeren barri emoteko.
Ia-ia kontsumorik ez dauan ondare-birgaiketaren jarraipena izenburupean, Marta Epeldek, Birgaiketa Energetikoko eta Ia-ia Kontsumorik ez daben eraikinetako arkitekto tekniko espezializatuak, birgaiketarako jarduketearen berezitasunak, ia-ia kontsumorik ez eukiteko helburuen lorpenerako estrategiak eta egon baegoan ondare-eraikinean jarduteko zailtasunak izan ebazan hizpide. Hori guztia Lanbide COE: birgaitzeagaitik irekita proiektuaren bidez azaldu eban. Izan be, Klusterraren ekimena da, eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, enplegua suspertzea eta birgaiketari balioa emotea dauka helburu, Gasteizko ‘San Luis etxea’ eraikin historikoaren birgaiketearen bitartez. Eraikin horretan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren menpean dagoen Euskadiko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa kokatuko da, eta Lanbide COE izango da bere izena.