Emakumeak Jokoan 01x17: Maite Zubieta, Athleticeko futbolaria

Athleticeko erdilari busturiarragaz egin dogu berba ligako laugarren postuan amaitu eta Superkoparako sailkapena lortu eta gero

Maite Zubieta: “Helburu nagusia lortuta eta Superkoparako sailkatuta goaz oporretan”

Riazorren sartu eban Zubietak bere lehen gola Athleticegaz / Athletic Club

Maite Zubieta Athleticeko erdilaria izan da protagonista asteon Emakumeak Jokoan irratsaioan. Izan be, jokalari busturiarragaz egin dogu berba liga laugarren postuan amaitu eta gero. Beraz, pozik dago Zubieta: “Helburu nagusia lortuta eta Superkoparako sailkatuta goaz oporretan”. Ganera, azken aurreko jardunaldira arte eutsi eutson talde bilbotarrak Txapeldunen Liga jokatzeko burrukari. Bestalde, denporaldiko arantzarik nabarmenena Cacereñoren aurkako porrota izan zan Erreginaren Kopako lehen kanporaketan.

Esan bezala, txapelketa gorenerako sailkapena lortu ez arren, Espainiako Superkoparen parte izango dira lehoiak hurrengo denporaldian, lehenbiziko aldiz historian. Euren aurkariak aitatutako txapelketan Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril izango dira, ligako lehen hiru sailkatuak. Merezidutako saria burututako denporaldiagaitik.

Ikuspuntu pertsonaletik, pozik agertu jaku Zubieta egindako sasoiagaitik. Erdilariak 28 partidu jokatu ditu, guztiak titular lez bat izan ezik. Ganera, bere lehen gola be sartu dau aurtengo denporaldiko ligan, Deportivoren aurka Riazorren. Jokalari busturiarrak sareetara bialdu eban baloia eskuadratik, area ertzetik jaurtitako faltari probetxua aterata.

Ganera, Espainiako selekzinoagaz debuta egin dau Zubietak aurtengo denporaldian. Azpiko mailetan Europako txapelketa bi eta munduko txapelketa bat irabazi eta gero, selekzino nagusira heldu da. Bere lehen partidua 2024ko azaroaren 29an heldu zan, Hego Korearen aurka Cartagenan. Espainiak 5-0eko garaipena lortu eban Asiako selekzinoaren kontra.

Horren harira, Eurokopa jokatuko da Suitzan aurtengo udan. Txapelketa garagarrilaren 2an hasi eta hilaren 27ra arte luzatu egingo da. Azken deialdien parte izan eta gero, Eurokopa jokatu gura dau Zubietak: “Ume guztiek daukien helburua da Eurokopa jokatzea”. Momentuz, Nazinoen Ligako Belgika eta Ingalaterraren aurkako partiduetarako deialdia emongo dau ezagutzera bihar Montse Tome hautatzaileak.

David Aznarrek ez dau Athleticen jarraituko

Gaur ezagutu dogunez, aldaketa garrantzitsuak egongo dira Athleticen hurrengo denporaldian. Izan be, David Aznar ez da izango talde zuri-gorriaren entrenatzailea datorren urtean. Aznarrek denporaldi bi burutu ditu Athleticen, baina hurrengo denporaldian etapa barri bat zabalduko da lehoien aulkian.

Edozelan be, etapa barri horren parte izango da Zubieta. Athleticek jokalariaren kontratua luzatu eban apirilean 2026eko bagilaren 30era arte. Aurreko barritzean hitzartutako klausula bat aktibatu dau klubak hurrengo denporaldiari begira. Zubietak 78 norgehiagoka jokatu ditu dagoeneko bere lurraldeko taldeagaz, hiru denporalditan banatuta. Beraz, 100 partiduen muga gainditu ahalko dau datorren denporaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00