Unai Luzuriaga, Jon Txirapozu eta Alex eta Jokin Erkoreka anaiek osotuten dabe Mamu. Talde bilbotarrak lehenengo diskoa kaleratu dau: Mapa eta lurraldea (2023, autoekoizpena). Kideak hainbat taldetan ibilitakoak dira, besteak beste, Raust, Sen Horx, Ukabila eta Haxotz, eta orain bide barri bati ekin deutse, hardcorearen eta punkaren alderdi emozionalena jorratzeko asmoz.
Mapa eta lurraldea diskoa taldekideen geografia emozionala esploratzen dauan abesti bilduma da. “Mapa hibrido baten antzera, zalantzaren garrazkeria, nostalgiaren zama eta lotsaren ziztada lotzen deutse tokiei”, Baztango haranetik Bermeoko portura, Gasteiztik Egiako auzo donostiarrera.
Bilboko Errekaldeko Eten Espazio Sonoron grabau dabe diskoa, Urtzi Iza ekoizle bilbotarragaz batera. Iñaki del Olmok egin dau diskoaren irudia.
Mamuk barikuan (martiaren 3an, gaueko 22:00etatik aurrera) emongo dau lehenengo kontzertua Billabonan, Sahrijai ekimenaren barruan.