Gazte Koordinadora Sozialistak faxismoaren aurkako manifestazioak deitu ditu urtarrilaren 31rako Bilbon eta Iruñean, ‘Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, gazte langileok kaleak hartu!’ lelopean. Marina Basurko GKSko kideak esan deusku, leloa jarraituta, mobimenduak faxismoa eta estaduen autoritarismoa salatu gura dituala: “Olatu erreakzionario zabala dago munduan. Horren atzean Mendebaldeko oligarkia dago. Kaleak hartzea beharrezkoa da”. Ganera, GKSk dino euskal nortasunaren izenean faxismoa sortu dala Euskal Herrian: “Euskalduntasuna ideia aurrerakoiekaz lotu da azken hamarkadetan, baina edukiz hustuz doa momentu honetan”.
Bestalde, kanpotik emoten dau behintzat, beste alderdi edo eragile batzuekaz hartuemon onegirik ez daukala Gazte Koordinadora Sozialistak. GKSk kritika ugari egin eta jasoten ditu. Esaterako, Ernai eta EH Bildugaz arrakala handia dauke: “Ezker abertzaleak geure existentzia ukatu dau sortu ginan momentutik”.
Horren harira, esparru desbardinetatik jasotako erasoak salatu ditu Basurkok. Esaterako, mobimendua Ertzaintzagaz nahiko kritikoa izan arren, bozeroaleak uste dau kriminalitzateko arma lez erabilten dan argumentua dala: “GKS istiluekaz bakarrik lotu gura da, egunero erakusten dogun konpromisoa nabarmendu barik“.
