Dagoeneko hasi dira Joko Olinpikoak eta atleta guztien artean, lehiaketa entzutetsu honetan, asko dira parte hartzen ari diran euskaldunak. 33 euskal kirolari Parisen eta asko Basque Team Fundazioaren parte dira. Horregaitik, Markel Arregui Basque Team fundazinoko medikuagaz berba egiteko aukerea izan dogu.
Arregui, fundazinora iritsi aurretik, Athletic, Amorebieta edo Alaves lako klubetan egon zan. Medikuak nabari dau atleten eta futbolarien arteko aldea, baina esperientzia sinistuezina eta kirolariekiko harremana oso ona dala dino. Gainera, kirolariak oso profesinonalak dirala onartzen dau: “Emoitzak lortzeko badakie asko sufridu behar dabela“.
Joko olinpikoetara doazen atletei jagokonez, prestakuntza oso garrantzitsua da. Denpora luzez prestetan dabe atleta, bai fisikoki, bai mentalki. Onartzen dau, halaber, elikadura oso garrantzitsua dala horretan, eta atleta askok alde batera uzten dabela. Arreguik Bat Formulagaz alderatu dau, eta esan dau elikagaia atleta baten gorputzeko gasolina dala.
Kirola egiten dauen jenteari aholkuak emoteko astia be izan dau. Medikuak dino kirola ezinbestekoa dala eta egunero egitea garrantzitsua dala. Danak ez dira gai ahalegin asko egiteko, baina egunero apur bat egitea gomendatzen dau. Arreguik dionez, “garagardo bat hartzea be ondo dago“.