Zornotzako antzerki konpainia Asiara joango da uztailaren 18an, Seulgo Assitej-eko Udako Jaialdian parte hartzeko. Bertan, Euria obraren bi emanaldi eskainiko ditu egunero uztailaren 22, 23 eta 24an, eta Okinawako Ricca Ricca Fest-en uztailaren 28, 29 eta 30ean.
ASSITEJ Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Nazioarteko Elkartea da, eta 100 herrialde baino gehiagotan ditu ordezkaritzak. Ricca Ricca Fest Japonian urte gehien daramatzan Haurren Nazioarteko Jaialdia da.
2017an estreinatutako Euria, ikus-entzule guztiei zuzenduta dolua jorratzen duen lana da. Maite dugun pertsona bat galtzen dugunean pertsonok bizi dugun prozesu emozionala kontatzen du, eta gizakiok gainditzeko dugun gaitasuna azpimarratzen du. Heriotzaren minaz hitz egiten du, baina baita bizitzaren indarraz ere. Antzezleen keinuak, dantzak eta ikus-entzunezko proiekzio landuek egituratutako pieza delikatua eta testurik gabea da. Haurrentzat sortua, baina helduek ere gozatzen dutena.
Gaur Lai Haizetara Jon Kepa Zumalde etorri da Markeliñeren proiektu barriaz berba egiteko.