Zapatuetan Farmazia tartea egiten dogu Juan del Arco gure kolaboratzaileagaz. Zapaturo osasun gai interesgarri bat ekarten deusku eta oraingoan koloneko minbizia zer dan, zelan diagnostiketan dan eta zelako tratamenduak behar daben minbizi mota hori daukien pazieenteek kontau deusku, besteak beste.
Koloneko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna martiaren 31n ospatzen da urtero, gaixotasun horren prebentzinoaren eta detekzino goiztiarraren inguruan sentsibilizatzeko. Munduan eragin handiena dauen tumoreetako bat da.
Kolona heste lodiaren zatirik luzeena da, eta zati bat goranzkoa, beste bat zeharkakoa eta, azkenean, beheranzkoa dau, esan geinke osotu bako karratu bat lez. Koloneko minbizia, kasu batzuetan osagai genetiko bat egon arren, gehienak elikadura txarraren eta ariketa fisikoa ez egitearen ondorioz sortzen diran polipoen eraginez agertzen da.
Prebentzinoaz gain funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra egitea koloneko minbizia sendatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan horren adibide ona dogu. Koloneko minbizia goiz detektetako Osakidetzako programa 2009. urtetik martxan dago eta 4.500 tumore detektatu dira programa horri esker. Prebentzinoa eta diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko ezinbestekoa da jenteak horrelako programetan parte hartzea eta gaurko programan hori aldarrikatu gura izan dau Juan del Arcok.
