
Bilboko Arkeologia Museoan denboran atzera egiteko aukera parebakoa eskaintzen dauan erakusketa bat zabaldu dabe. Martiodako erlikiak, zaharbarritutako altxorra erakusketak XVII. mendeko erlikia berezi batzuk jarri dauz ikusgai, sinbolismoz eta historiaren aztarnez betetako piezak. Erakusketea urte amaitu bitartean egongo da ikusgai, eta erakutsitako piezak Arabako Arte Ederren Museotik ekarri dira aldi baterako.
Aintzane Erkizia EHUko irakasleak Bizkaia Irratiari azaldu deutsanez, Martiodako (Araba) elizan aurkitutako 12 garezur eta hainbat hezur txiki dira erakusketearen ardatza. Hezur horreek Santa Ursularen segizinoko birjinenak eta Tebasko Legioko soldaduen aztarnatzat hartzen dira. “Ez dira bakarrik hezurrak, baizik eta artistikoki apaindutako objektuak dira”, nabarmendu dau adituak. Ehun aberatsez, brodatuez eta parpailez apainduta dagoz. “Objektu erlijiosoak izateaz gain, historiaren eta artearen lekuko zuzenak dira” azpimarratu dau Erkiziak. Bere berbetan, piezek daukien balio espiritualaz harago, gure herriaren iraganeko pasarteak kontetako gaitasuna daukie.