Nerea Ibarzabalek irabazi eban aurreko zapatuan Lemoan jokatutako azken finalaurrekoa, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa nagusiaren barruan. 638 puntu emon eutsiezan Ibarzabaleri. Atzetik, puntu bi ta erdira, Onintza Enbeita geratu zan. Oihana Bartra, Aissa Intxausti, Ibai Amillategi eta Josune Aramendi izan ziran hurrengoak zapatuko saioan. Sarrera guztiak agortuta jokatu zan azken finalaurrekoa. 700 lagun inguru batu ziran udal kiroldegian. Idoia Anzorandia izan zan gai-jartzailea. Epaimahaian bitartean Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izan ziran
Ganbarako saioan Ibarzabal nagusi
Epaimahaiak Nerea Ibarzabaleri emon eutson puntu gehien. Haizea Telleriak Bizkaia Irratiari esan deutsanez, saio bikaina egin eban Markina Xemeineko bertsolariak. Ganbarako saioan itzel aritu zala esan deusku. Aipatu behar, ganbarako gaiari jagokonez, bertsolari gehienek hautatu ebela norberaren irudiaren ganeko ardurea. Gaiak orokorrean oso ondo ikusi ebazan Telleriak. 638 puntu emon eutsiezan Nerea Ibarzabaleri. Puntu bi ta erdira geratu zan Onintza Enbeita. Oihana Bartra izan zan hirugarrena Lemoan, 610 puntu ta erdi lortu ebazan, Aissa Intxaustik 580, Ibai Amillategik 571 eta Josune Aramendik 567 ta erdi.
Finala Bilbon
Honenbestez, finalean arituko diren bertsolariak, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti izango dira. Bilboko Miribillan izango da finala abenduaren 16an arratsaldeko bostetatik aurrera. www.bertsosarrerak.eus webgunean dagoz sarrerak salgai finalerako. Haizea Telleriak argi dauka Nerea Ibarzabalek, Lemoako saioa egin ezkero, txapela mantenduko dauala.