Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak merkealdian modu arduratsu eta kontzientean erostera animau dau. Gaur hasi dira urtarrileko merkealdiak. Hilabete bi iraungo dabe. Bilbon goizean jente asko ibili da erropa zein zapata dendetan. SKFK dendako Irunek esan deusku lehenengo egun honetan lan asko izaten dabela, baina aurreko egunetan hasten direla dana prestatzen. %20ko beherapenagaz hasi dira denda honetan eta %50koa eskaintzera heldu daitekez. Berokiak eta diseinu bereziak dira SKFKren produktu izarrak.
Aholkuak
Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak erosketak modu arduratsuan egiteko aholkoak eskeini dauz. Hiru arlo bereizten dabez; erosketak egin aurretik kontuan hartu beharrekoak, erosketak egiterakoan gogoratzekoak eta produktua etxera eroan ostean egin beharrekoak. Lehenengo atalari jagokonez, behar doguna erosteko aholkatzen deuskue. Markel Etxebarria EKA-OCUko komunikazino arduraduna esan dauanez, benetan behar dana erosteko aholkatu dau. Aurrekontua zehazteko be aholkatzen dabe, jakiteko zenbat diru gastau geinken. Lehentasunak ezartzeko aholkatzen dabe. Dendetara joaterakoan, prezioak argi erakutsi beharra azpimarratzen dabe, hau da, merkealdiak hasi aurretik izandako prezioa eta merketutakoa. Produktuaren kalidadea merkealdien aurretik egondakoaren berbera izan behar da eta argi geratu behar da zelan itzuli daitekeen produktua. Erositakoa etxera eroandakoan, ondo dagoen ikusi behar da. Urtarrileko merkealdiek oraindino be jente asko erakartzen dabe, nahiz eta online beherapenak izan edo Black Friday moduko eskaintzak. Aurten, estadu mailan, merkealdi sasoi honetan 170 mila kontratu baino gehiago sortuko direla uste da.