Kantabrik Sinfonieta, Zirzira Ahots taldea eta Ondalan Erraldoien konpartsagaz batera arituko dira

'Gogorapenen hegalez' estreinauko dau Olaeta Ballet Elkarteak Arriaga antzokian

Migrazinoaren ganeko ikuskizun handia

Olaeta Ballet Elkartearen 'Gogorapenen hegalez' ikuskizuna / Arriaga Antzokia

Olaeta Ballet Elkarteak Gogorapenen hegalez ikuskizuna estreinauko dau domekan Bilboko Arriaga antzokian. Ikuskizun handia izango da. Olaeta Ballet Elkarteko 45 kideez gain, Kantabrik Sinfonietta orkestra, Zirzira Ahots taldea eta Ondalan Erraldoien Konpartsa arituko dira Gogorapenen hegalez lanean. Jone Goirizelaia zuzendariak azaldu deuskunez, migrazinoaren ganeko lana da. Migrazinoaren ondorioz sortzen diran hausnarketak dantzea eta musikaren bitartez azalduko dabez. Emozinoak azalduko dabez, norbere etxetik urten beharrak eragiten dauazan sentimenduak, leku barrira joaterakoan bizi dan integrazino prozesua, jaioterrira itzultzeak eragiten dauazanak…

Lagun ugari taula ganean

Euskal Herritik Kubara egiten dan bidaia antzeztuko da. Xabier Otaoleak idatzitako orkestrarako piezak eskeiniko dau Iker Sanchez Silvak zuzendutako Kantabrik Sinfoniettak. Asier Gonzalez, Gorka Pascuas eta Julen Murga musikariak egongo dira tartean. Zirzira Ahots taldean 40 emakume abeslari arituko dira Ius Perezen gidaritzapean. Xabier Leteren Habanera eskeiniko dabe, besteak beste. Bideoak be grabatu dabez. Guztia, puzzle moduko bat izango dala esan deusku Goirizelaiak. Datorren domekan, zezeilaren 8an, Bilboko Arriaga antzokian izango da Gogorapenen hegalez ikuskizunaren estreinaldia iluntzeko zazpiretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00