Adinekoek aurrez aurreko arreta gura dabe; teknologiek lagundu leikie, baina ez ordezkatu

Web hitzordua, telefono bidezko arreta eta bidekontsultak: Euskadin multimorbilidadea daukien adinekoen pertzepzinoa

Mikel Baza: “Osasun sistema egokitu egin behar da pertsonen benetako beharretara”

Mikel Baza familia medikua Lehen Mailako Arretako II. jardunaldian / Bizkaia Irratia

Orain aste batzuk Bilbon Osakidetzak antolatutako Lehen Mailako Arretako II. jardunaldian, Bizkaia Irratiko kolaboratzailean dan Mikel Baza medikuak, osasun arloko beste profesional batzukaz batera (Yolanda Gonzalez-Rabago, Clara Sanchez, Unai Martin, Rafael Rotaeche eta Estibaliz Gamboa), Web hitzordua, telefono bidezko arreta eta bidekontsultak: Euskadin multimorbilidadea daukien adinekoen pertzepzinoa lana aurkeztu eben. Ahozko Komunikazinorik Onenaren saria jaso eben jardunaldian.

Azterketan multimorbilidadea daukien 65 urtetik gorako pertsonen eretxia jaso dabe. Hau da, aldi berean hainbat gaixotasun kroniko daukiezan pertsonen esperientziak jaso dabez, osasun sistemeagaz daukien harremanaren inguruan. Telefoniaren eta web bidezko hitzorduen erabilgarritasuna aztertu dabe, baita bideokontsultena be.

Mikel Baza familia medikuak azaldu dauanez, teknologia barriek gero eta presentzia handiagoa daukie osasun arretan, baina ezin dabe ordezkatu adinekoek eskatzen daben aurrez-aurreko harremana. Hau izan da egindako ikerketearen ondorio nagusietako bat.

Bazak nabarmendu dauanez, edadeko gehienek aurrez-aurreko kontsultak lehenesten dabe, “gertutasuna, konfiantza eta begirada” moduko elementuak oso garrantzitsuak diralako. “Telefono bidezko kontsultak erabilgarriak izan daitezke egoera jakinetan, analitika baten emaitzak emoteko edo jarraipen bat egiteko”. Web bidezko hitzorduak hartzerako, pertsona nagusiek oztopo asko aurkitzen dabez: urratsak ulertzeko zailtasunak, musika automatikoak edo administrazino elektronikoko pasahitzak eskuratzeko arazoak. Horregatik, nagusi askok gurago dabe zuzenean osasun zentrora joan eta bertan hitzordua eskatzea.

Medikuaren arabera, ezin da pentsatu digitalizazinoak guztiarentzako balio dauala. “Aukerak eskaini behar dira, eta sistema egokitu behar da pertsona bakotxaren behar eta gaitasunen arabera”. Barrikuntza teknologikoen aurrean pazientzia, trebakuntza eta alkarlana behar dirala adierazo dau Mikel Baza familia medikuak Lau Haizetara saioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00