
Talgo tren enpresearen etorkizuna diseinetan hasi da Talgo beraren jaube bihurtu dan euskal patzuergo barria. Patzuergo horren buru Sidenor izango da eta hor be BBK, Vital Kutxa eta Eusko Jaurlaritza egongo dira. Atzo bertan Imanol Pradales Lehendakariak esaten eban behin betiko erosketa bi-hiru aste barru egingo dala. Talgok gaur egun 2.500 behargin daukaz eta horreetatik zazpirehun inguruk Arabako egoitzan lan egiten dabe. “Ikusiko dogu prozesua zelan gauzatzen da. ELAk holako kasuetan bultzada publikoa eskatu dauanean, Jaurlaritzatik esan deuskue eskuhartze publikoa ezin dala egin eta merkaduaren arabera jokatu behar dala. Jaurlaritza orain arte egin ez dauena egiten dabil orain” zehaztu dau ELA sindikatuko industria arduradunak, Mikel Etxebarriak.
Guardian
Guardian lantegiko zuzendaritzeak 171 behargin kaleratu gura dauz eta orain dala egun batzuk laba amatatzeko prozesua hasi eban. Momentuz, enplegua erreguletako espedienterik ez dabe aurkeztu. ELAren eretxian, azken hau martxoan zehar helduko litzateke. “Gaur egun laba barik dagoz eta lan barik dagoz. Oso larria da, 171 familien etorkizuna jokoan dago. Eusko Jaurlaritzak Guardian lantegiko zuzendaritzeari dana sinistu deutso eta hori ezin da onartu” aitatu dau Mikel Etxebarriak. Guardianek bizirik jarraitu behar dauela aldarrikatu dau ELA sindikatuko ordezkariak.