Zallari lotutako 400 berba batu dauz Eguen alkarteak. Toki izen asko dagoz tartean: Eguen, Mimetiz, Aranguren, Bolunburu, Ibarra edo Celadilla, Zallako udalerriak daukazan leku izenak dira. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kideak 2022an Zallako toponimiari buruzko lana egin eban eta orduan Eguen alkartekoek lagundu eutsen. Euskerea Zallako jatorrizko hizkuntza dala gogoratu deusku Gorrotxategik eta Zalla mende luzetan euskeraren muga izan zala. “Euskerearen azken lubakia izan zan. Euskerea Zallatik eta Gueñesetik desagertzen hasi zan eta galera hori Bilboraino heldu zan” kontau dau Gorrotxategik.
“Zallan euskerazko toponimoak gaztelaniazkoak baino zaharragoak dira” azaldu dau Euskaltzaindiko kideak. Gorrotxategik Zallako euskal toponimiari buruzko azalpen zehatzak emon deuskuz. “Mimetiz berbak jaubetza bat adierazoten dau, Eguen goien berbeagaz lotuta dago, eta Bolunbururi jagokonez, buru edo goialde baten egoan bolue edo errota azaltzen deusku” aitatu dau.