Hurrengo txapelketetarako motibauta ikusten da

Bergararrak lehenengo postua lortu dau eskaladako Senior Mailan

Mikel Linacisoro: “Helburua podiuma izan arren, irabaztea buruan neukan”

Mikel Linacisoro proba bat egiten / Bat Basque Team

Mikel Linacisoro Eskaladako Espainiako txapeldun bilakatu da zailtasun modalidadean. Joan dan astegoienean, Madrilgo Erkidegoko Arroyomolinos herrian jokatu zan txapelketea eta bergararrak lehenego postua lortu eban Senior Mailan. Mikel Linacisorogaz egin dogu berba eta pozik agertu da lortutako emaitzagaz: “Sentsazino onak nebazan eta etxera poz-pozik bueltatu naz”.

Probea zapatuan egin zan, gauak jo aurretik. Rokodromoak munduko txapelketa baten zailtasuna eukan, eta bidearen erdian egoan sabaia gainditzea zan gakoa. Txapelketan, Linacisorogaz batera, Eneko Carretero gipuzkoarrak be parte hartu eban eta biak alkar lagundu ziran hasi aurretik: “Bidea nahiko gatx ikusten genduan eta alkarregaz egon ginan pentsetan zelan egin“.

Linacisorok familiagaz eta kuadrillagaz ospatzeko astia izan dau, eta orain deskantsu txiki bat hartuko dau. Halanda be, garagarrilean Munduko Kopako hiru proba daukaz eta abuztuan Europako Txapelketara joango da. Eskalatzailearen esanetan, motibauta dago eta pasa dan urteagaz konparauta, aurton lasaigo ikusten da.

Gazteetan euskaldunak nagusi

Emakumezkoetan be notizi onak heldu ziran. 14 urtez azpikoetan, Lur Guenetxeak lortu eban urrezko domina. Hori gitxi bada,  16 eta 18 urtez azpiko txapelketean, Maddi Agirre eta Udane bigarren izan ziran.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00