Espainiak bat egingo dau Hegoafrikak Nazinoarteko Justizia Gortean Israelen aurka aurkeztutako salaketeagaz. Israelek genozidioaren aurkako konbentzinoa urratu ete dauen ikertuko dau Gorteak. Podemos alderdiak faltan botaten dau Espainiako gobernuak genozidioa salatzea. Miren Echeveste Podemoseko ordezkaria izan dogu gaur Goizeko Izarretan saioan.
“Inkestek parlamentari bi emoten deuskuez eta hori gure zorua izango da hauteskunde honeetan” azaldu dau Echevestek. “Gu Podemos marka bakarra gara eta gure ordezkari guztiak Bruselan ezkerraren taldera joango dira. EH Bildu kide dauen Orain Errepublikak koalizinoagaz edo Sumarregaz ez da hori gertatuko, batzuk ezkerrekora eta beste batzuk berdeen taldera joango dira” gaineratu dau alderdi moreko kideak.
Funts putreen aurrean alokairuen prezioa kontroletako mekanismoak aldarrikatu dauz Podemosek. Europako 27 estaduetariko batzutan prezio honeek kontroletako mekanismoak dagozala gogoratu dau Miren Echevestek. “Une honetan Euskadi Europako funts putreentzat oso erakargarria da, aukera bat ikusten dabe. Bizitzarako ezinbestekoa dan baliabide bategaz negozioa egin gura dabe salatu dau politikari gipuzkoarrak. Bestalde, Erasmus programak finantziazino handiagoa behar dauela esan dau Podemoseko ordezkariak.