Musikari eibartarrak bakarkako bigarren lan luzea kaleratu dau: 'Lautada'

2017an 'MICE' argitaratu eban eta urte bi geroago, 'Zilar printzak' EPa

Miren Narbaiza (MICE): “Disko nahiko zuzena da, baina era berean badaukaz momentuak danatarako”

Miren Narbaizak bere bakarkako proiektuan sakontzen segiduten dau. 2017an sortu eban MICE, besteak beste, Napoka Iria, Perlak, Drumkopters eta Dual Spirit taldeetan ibili ostean. Urte horretan, 2017an, izen bereko diskoa kaleratu eban eta 2019an lau kantuz osotutako ‘Zilar printzak’ EPa. Orain hirugarren lana etorri da: ‘Lautada’. Joseba Baleztenak ekoiztu eta grabau dau Gakobeltz Hit Faktorian eta Forbbiden Colours disketxeak editau dau.

Miren Narbaizak azaldu deuskunez, itxaroten ebana baino luzeago joan da prozesua. 2020an hasi zan diskoan pentsetan. Abestien hainbat zirriborro eta letrak eginda eukazan baina dana geldi geratu zan. Gero barriro heldu eutsen diskoari eta buelta asko emon eutsezan abestiei. Grabetan hasi aurretik, aurre ekoizpen lan handia egin eben. Narbaizaren esanetan, “kantu bakotxak bere bizitza izan dau, bere tempoak…”. Gehienbat Joseba Baleztena, Ibai Gogortza eta Miren Narbaiza aritu ziran hasieratik.

Zuzenekoak

Hemendik eta urte amaierara arte MICE-k hainbat kontzertu eskainiko dauz. Azaroaren 11n eta 12an Tarragonan eta Bartzelonan izango da, 19an Gernikako Iparragirren, biharamonean Elizondon, 26an Leitzan eta abenduaren 9an Durangoko azokan. Zuzenekoetan Mikel Sanchez (baterian), Iñigo Telletxea (baxuan), Ibai Gogortza eta Joseba Baleztena (kitarrean) eta Aitor Garcia de Vicuña (tekladuetan) musikariak izango dauz alboan Miren Narbaizak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00