Bizkaiko Metalgintzan LAB, CCOO eta UGT akordu batera heldu dira FEVEM patronalagaz. Atzo hiru sindikatu honeetako asanbladek azken proposamenari baiezkoa emon eutsen. 2022tik 2025era bitartean %15eko soldata igoerea aurreikusten da, atzeraeraginkorra izango dana. Lan ordu libre eta subrogazinoaren alorretan be adostasunak egon dira. ELA sindikatuak dino akordu hori ez dala nahikoa. Goizeko Izarretan euki dogun Mitxel Lakuntzak gogoratu dau ELAk %40ko rodezkaritzea daukala Bizkaiko metalgintzan. “Metalgintzan benetako hitzarmen on bat nahi bada mobilizazinoekin jarraitu behar da. CCOO, UGT eta LABek ez dabe hori nahi eta FEVEMegaz batera eszenifikazino bat egin dabe” zehaztu dau Lakuntzak. ELAk KPIaren pareko soldata igoerak eta metalgintzaren barruko azpisektore gehiagoren subrogazinoa aldarrikatzen dauz.
Bizkaiko nagusien egoitzak
ELA sindikatuak Bizkaiko erresidentzietan deitutako zortziko eguneko grebaren bigarren eguna da gaur. ELAtik salatzen dabe erabiltzaileei kuotak igo jakezala, BFAk egoitzak kudeatzen dabezan enpresei diru kantidade handia emoten deutsela eta gero hori langileen lan baldintzetan ez dala isladatzen. “Gai honetan arazo bi dagoz. Batetik egoiliarrei emoten jaken zerbitzuan eta bestetik beharginen lan baldintzetan. Zaintzaren arlo profesionala erdigunean jarri behar da. Erresidentziak guztiz publifikau behar dira sektore horretan negoziorik ez egiteko” azpimarratu dau ELAko idazkari nagusiak.
BBVA
BBVAk 6420 miloi euroko irabaziak izan ebazan igaz. Aurreko urteetako datuakaz alderatuz %38 egin dabe gora BBVAren irabaziek. Historiako igoerarik handiena izan da BBVArentzat. Ukrainako gerrak ekonomian eragina izan arren, gorantz egin dabe kasu honetan irabaziek. BBVAko presidenteak Carlos Torresek atzo aurreratu eban irabazi handien ganeko zergea (200 milioi euro inguru) pagau beharko dabela baina ez dagozala horregaz ados eta epaitegietara joko dabela. “Enpresa energetikoek eta banketxeek ez dabe sekula hainbeste diru irabazi, jakinda be gizartea zelan dagoan. Jende arruntak ikusten dauena da inork ez deutsela ezer esaten. Banketxeen jarrera horreek zuzentzeko gobernuetatik erabagiak hartu behar dira” azaldu dau Lakuntzak
Erreforma fiskala
Erreforma fiskalari buruz EAJk eta PSEk eukitako lehen batzarrari buruz ELAk uste dau Jaurlaritza eztabaida honetara behartuta eta berandu dala. Hortik aurrera emongo diran urratsei adi egongo dirala gaineratu dau Mitxel Lakuntzak.