
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia Goizeko Izarretan irratsaioan izan dogu gaur. Bere eskutik, kontu ugari jorratu doguz: urriaren 15erako deitu daben lau orduko lanuzte orokorra, zaintza esparruan bihar Gasteizen egingo daben alkarretaratzea, Confesbakegaz daukiezan tirabirak, gitxieneko soldata propioaren negoziazinoa, etab. Dana dala, hasi barri dan ikasturteko helburuak zeintzuk diran argi dauka Lakuntzak: “Palestinaren auzia eta euskal beharginen defentsa dira aurtengo erronkak”.
ELAk lau orduko lanuzte orokorra deitu dau urriaren 15erako Israel Gazan egiten dabilen genozidioaren harira. LAB, CCOO, Steilas, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek be lanuzte orokorrak deitu dabez Hego Euskal Herrian egun horretarako. Edozelan be, gainerako sindikatuek hiru orduko lanuzteak deitu dabez; ELAk lau ordukoak deitu ditu. ELAko idazkari nagusiak esan deuskunez, LABegaz desadostasunak euki dabez azken boladan.
Soldataren genero arrakala
Zaintza esparruko 500 langile baino gehiago bilduko ditu ELAk bihar Gasteizen. Urriaren 8an zaintza esparruko zerbitzuen publifikazinoa eskatuko dau sindikatuak. Azken urteetan fokua askotan ipini da zaintzan, mobilizazino handiak egin izan dira eta lorpenak berretsi dira Bizkaian eta Gipuzkoan, batez be. Hain zuzen be, sektore feminizatuetan da soldataren genero arrakala bereziki nabarmena. Confesbaken arabera, genero arrakala %9koa da. Sektoreen artean alde handiak dagoz. Esaterako, industrian %3koa, baina zerbitzuetan %21ekoa.
Soldaten esparruan gabilzala, gitxieneko soldata propioaren burrukari eutsi egingo deutso ELAk Lakuntzak azaldu bezala. Momentuz, Confesbaskek ez dau negoziatu gura gitxieneko soldata propioa. Ondorioz, Jaurlaritzari bitartekaritza eskatu deutsie sindikatuek, epaitegietan pausoak emotea baztertu barik.
Azkenik, funtzino publikoan euskera eskariak bermatzeko EH Bilduk egindako proposamenagaz bat dator ELA. Legebiltzarrean funtzino publikoan euskera eskariak bermatzeko proposamen parea onartu eben lehengo astean, EAJ-rena eta EH Bildurena. ELA sindikatuak EH Bilduren proposamenagaz bat egiten dau, euskerari eta gaztelerari estatus bera emoten deutselako.