'Mundu bete jai' proiektuak Bilbon eta inguruetan bizi diran 6 kulturatako jaien barri emoten dau

Labayru Fundazioak 'Mundu bete jai' ikusentzunezko proiektua sortu dau

‘Mundu bete jai’, zubiak eraikiz kulturearen eta hizkuntzearen bitartez

Ziortza Artabe, Labayru Fundazioko kidea / Bizkaia Irratia

Mundu bete jai proiektuak Bilbon eta inguruetan bizi diran 6 kulturatako jaien barri emoten dau. Sei kultura desbardinetako sei jai aukeratu dabez, eta horreek gure gizartean zelan ospatzen diran aztertu dabez. Mexikoko Hilen eguna, tradizino islamikoaren Eid al-Fitr jai erlijiosoa, kolonbiarren Kandelatxoen jaia, errumaniarren Egun Nazionala, txinatarren Urtebarria eta Kameruneko sawatarren Ngondo jaialdia.

Ziortza Artabe Labayru Fundazioko kideak Lau Haizetara saioan azaldu deuskunez, helburuak kulturartekotasuna bultzatzea, itxuraz desbardinak garen kulturen artean bardintasunak dagozala erakustea, eta euskerea beste hizkuntzetako hiztunentzako zubia izatea dira. Bideoetan azaltzen diran lekuko batzuk euskaldunak dira. Esaterako, Kandelatxoen egunaren inguruko bideoan azaltzen dan Arlex Mauricio Quintero gaztea.

Kandelatxoen eguna Kolonbiako jairik tradizionaletako bat da. Abenduaren 7ko gauean hasita, kaleak, merkataritza-guneak, herri eta urietako etxeak argitatzen dabezan farolatxoak eta kandelak pizten dira. Era horretan Gabonetako jaiei emoten jake hasierea. Euskal Herrian bizi diran kolonbiarrek be egun horretan ospatzen dabe egun handia. Kolonbiatik urrun eginda, ospatzeko modua desbardina da. Abenduaren 8an, Ama Birjina Sortzez Garbiaren eguna ospatzen da, eta hain zuzen birjina hori omentzea dago bezperako jaiaren oinarrian.

Mundu bete jai proiektuko bideoak Labayru Fundazioaren YouTube kanalean ikusi daitekez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00