Leargi Energia Barriztagarrien Komunidadea sendotzen; bigarren instalazinoa jarri dabe martxan Lea Ibarrean

Instalazinotik hur dagozan 44 herritarrek autokontsumo partekatuaren onura jasoko dabe

Munitibarko Bengola instalazino fotovoltaikoa prest dago martxan hasteko

Munitibarreko Bengola eremuan kokatutako instalazino fotovoltaikoa martxan jartzeko prest dago. Lea Ibarreko Mankomunidadeak sustatutako azpiegitura honek Bengola Natur Energia zentroaren energia beharrak asetzeaz gain, instalazinotik paraje (500 metrora) bizi diran 44 herritarren eta erabiltzaileen autokontsumo partekatura bideratuko da. Instalazinoa Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Ziortza-Bolibar lotzen dauan BI-2224 errepidearen beheko aldeko luganan kokatu da. Eguzki plakak aluminiozko egitura baten ganean instalatu dira.

Maribi Ugarteburu Leargi kooperatibako kideak azaldu dauanez, Leargi Energia Barriztagarrien Komunidadea (EBK) Lea Ibarreko bost udalerritako herritarrek sortutako ekimena da. Kooperatiba formatuan antolatuta dagoan arren, komunidadearen filosofia bestelakoa dala azpimarratu dau Ugarteburuk. Tresna bat da, herritarren esku egongo dan energia eredua garatzeko. Prozesua 2021. urte amaieran abiatu zen, Lea Ibarreko udalerriek —Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar— energia barriztagarrien inguruan eukien interesetik abiatuta. Gaur egun Leargik 190 bazkide inguru daukaz.

Munitibarko Bengola eremuan kokatutako instalazino fotovoltaikoa izango da Leargik kudeatuko dauan bigarren autokontsumo partekatuko proiektua. Lehenengoa, Mendexan dago martxan. Etorkizunera begira, Leargiren asmoa da antzeko proiektu gehiago garatzea Lea Ibarreko beste herri batzuetan be. Halanda be, Ugarteburuk nabarmendu dau prozesuak pausuz pausu joan behar dirala, udal bakotxaren energia planen eta aukeren arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00