
MUST+PRO topaketa profesional barriak musika sektoreko eragileak bilduko dauz irailaren 30ean eta urriaren 1ean Donostian. Musika Bulegoak antolatuta, helburua Euskadiko eta nazinoarteko ekosistema musikalaren profesionalizazinoa, baterako hausnarketea eta lankidetza-aukerak bultzatzea da.
Iñaki Egitegi topagunearen arduradunak adierazo dauanez, beste pausu bat emoteko unea zala ulertzen eben: foro bat eskaintzea ezagutzak partekatzeko, aukera barriak sortzeko. Egitegiren esanetan, holango egitasmoak “beharrezkoak dira etorkizuneko musikarien bidea errazteko eta euskal musikagintzak bere tokia sendotzeko”. Musikea ez dala bakarrik sormen artistikoa nabarmendu dau, merkadua ulertzea, kudeaketa ezagutzea eta bestelako trebetasunak lantzea funtsezkoak diralako gaur egungo testuinguruan.
Egitaraua
Irailaren 30ean eta urriaren 1ean, mahai-inguruak, masterclasseak, zuzeneko podcastak eta showcase-ak egingo dira, funtsezko gaiak jorratuz: adimen artifiala sorkuntzan, hedapenean eta audientzietan daukan eragina, musika proiektuak nazinoartekotzeko estrategiak, musika garaikiderako publiko eta espazio barriak, pizgarri fiskalak, musikearen banaketa digitala…
Programearen barruan Aitzol Astigarraga, Olatz Salvador, Mireia Madroñero, Imanol Otaegi, Julen Martín, Jordi Pons, Fermin Lorente, Alberto Muerza, Ines Osinaga, Sara Zozaya eta beste hainbat profesionalek hartuko dabe parte.
Showcase-ak eta jarduera osagarriak
Eztabaida eta formakuntza saioez gain, MUST+PROk Must+Pro Live zikloa izango dau, kontzertu gau bi Kutxa Fundazioaren Klubean. Irailaren 30ean Korrontzi, Femm Vocal Jazz, Habia, Arima Soul eta Sara Azurzak hartuko dabe parte. Eta urriaren 1ean, Xiberoots, Andrea Santiago, Jum! eta Alatz, Heitxi eta Mugan-en txandea izango da. Topaguneak Gaztea-ko podcasten edizino berezi bi be hartuko dauz: Benetan zabilz? eta Yoko Ona.
Jarduera honeek sarrera librekoak izango dira, edukiera bete arte.