Telefonuari lotuta dabil azken egunetan, Iker Zabala Elizondo, Urdaibaiko entrenatzailea. 2023ko denporaldiari amaierea emon eta hurrengoa prestatzeari ekin deutso Zabalak. Bermeoko traineruak hogetalau estropada jokatu ditu aurten: Bizkaia eta Euskadiko txapelketak, Eusko Label Ligako hemeretzi jardunaldiak eta Kontxako banderako hirurak. Bou Bizkaia garaile izan da hamabostean. Marka itzela benetan.
Zabala garaile izan da Eusko Label Ligearen azken lau ekitaldietan, bi bider Santurtzigaz eta beste bi Urdaibaigaz. Ganera, Kontxako banderaren azken hiru edizinoak irabazi ditu, bat Soteragaz eta beste bi Bou Bizkaiagaz. Emaitzek garbi erakusten dabe, Iker Zabala olatuaren ganean dagoala.
Luze eta zabal egin dogu berba beragaz Jokoan kirol tartean. Datorren denporaldiari begira, pozik geratuko litzateke aurten ekipoan egon diran arraunlariek bertan jarraituko balebe. Ez da erreza izango baina horretan ahaleginduko da. Urdaibai justu ibilten da harrobiko arraunlarien gitxieneko kopurua beteteko. Iker Portugues, Jon Unanue eta Mikel Ojeda, Urdaibaiko harrobiko arraunlariek, Eusko Label Ligako estropada guztiak egin behar izan ditue. Etorkizunera begira, badira estropada bakotxean ontziratu beharreko gitxieneko harrobiko arraunlari kopurua handitzearen aldeko planteamendua egiten dabenak. Aukera horren ganean be egin dogu berba Urdaibaiko entrenatzaileagaz eta ez da aukera horren alde agertu. Zabalak dino, gitxieneko harrobiko arraunlari kopurua handitzea kaltegarria izango litzatekeela talde askorentzat, ez liratekeela gauza izango kopuru hori beteteko eta ondorioz, traineru asko lehorrean geratuko lirateke.