Natxo de Felipek bigarren disko bat be kaleratu leike Kuarteto Philiperenagaz batera. Domekan eta astelehenean kontzertuak eskeiniko dabez Arriaga antzokian. Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan izan da gaur Oskorri taldearen sortzaile eta kidea. Udan Abandonatuak izeneko lana kaleratu eban, taldea desegin eta 11 urtera, Kuarteto Philiperenagaz batera. Abuztuan lehenengo zuzeneko emonaldia eskeini eben Arantzazuko Basilikan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Sarrera guztiak ordu gitxitan agortu ziran. Arriaga antzokia be beteta dala emongo dabez hurrengo kontzertuak. De Felipe harrituta eta eskertuta azaldu da, jasotako erantzunagaz.
Hamabost kantu
Igaz be izan zan De Felipe Arantzazun, Alos Quartet taldeagaz hain zuzen. Donostiako Hamabostalditik, orduan eskatu eutsen berak emotea urte honetako kontzertua. Xabier de Felipe semeak bultzatuta, baietza emon eutsen. Era horretara sortu zan Abandonatuak diskoa sortzeko ideia. Hamabost kantuk osotzen dabe diskoa. De Felipek dino, Oskorrik albo batera itxitakoak direla. Kuarteto Philiperena, sokazko laukotea, Xabier de Felipez gain, Esther Albak, Przemyslaw Pujan eta Karmele Castillok osotzen dabe. Honen ekarpenak Oskorriren abestien atmosferea beste bat izatea ekarri dau.
Abandonatuak diskoan dagozan hamabost abestien artean, Juan Crisostomo de Arriagari eskeinitakoa dago, Arriagaren kanpaiak. De Felipek etxe ondoan daukaz kanpaiak eta Arriagaren doinua eskaintzen dabe. Hortik dator abestia. Domekako kontzertuan, bestalde, Pablo Sorozabal izango da ikusleen artean, El Escorialetik beren beregi etorritako Sorozabal maisuaren iloba. Debako martxa entzutera etorriko da, bere aitite zanak sortutako martxaren bertsinoa. Miren Urkiaga be izango da kontzertuan, Lauxetaren iloba. Itauna kantua dago diskoan, Lauxetaren omenez. Asteleheneko kontzertuan, bestalde, Olaia Inziarte egongo da ikusleen artean, Natxo de Feliperen lagun mina. Inziarteren azkenengo diskoan be hartu eban parte Oskorriko kideak. Arriaga antzokian eskeiniko dabezan kontzertu bi honeen ostean gehiago etorriko dira. Azaroan Gasteizen izango dira. Bigarren disko bat be etor daitekeela esan deusku gaur De Felipek. Balada zaharrak edo amodiozko kantuez osotutakoa izan daiteke bigarrena.
