Flotillako kide batzuk anbulategira joan ziran agenteen kolpeak jaso ostean

Global Sumud Euskal Herriak antolatuta, manifestazinoa egin dabe Bilbon, Ertzaintzak flotillako kideekaz Loiun izandako jarrerea salatzeko

Nere Etxebarria: “Ez dakit nork emon eban Ertzaintza aireportura joateko agindua”

Istiluak egon ziran Loiun zapatuan ontzidiko kideak iritsi ziranean aireportura / Europa Press

Global Sumud Euskal Herriak antolatuta, manifestazinoa egin zan atzo Bilbon, harainegun Loiun Ertzaintzak flotillako kideekaz izandako jarrerea salatzekoErtzaintza eta Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize! Sionismoa suntsitu. Palestina askatu! lelopean egin eben alkarretaratzea. Horren harira, Global Sumud Euskal Herriko kidea dan eta zapatuan Loiun egon zan Nere Etxebarria euki dogu Bizkaia Irratiko mikrofonoetan.

Etxebarriak bere ikuspuntua plazaratu deusku: “Beste aldietan lez, Loiura joan ginan ongietorria egitera. 11:00etan ziran heltzeko, baina hegaldia luzatu zan. 13:30ean bueltau ginanean, ertzainez beteta egoan aireportua“. Beraz, aurretik be harrerak egin dirala dinoe, eta ez dala inoiz ez arazorik ez ertzainerik egon: “Ez dakit nork emon eban Ertzaintza aireportura joateko agindua“.

Bitartean, Bingen Zupiria segurtasun sailburuak adierazpenak egin ebazan atzo: bere gain hartu eban ardurea, ertzainen jokabidea zuzentarauen barruan sartzen ete dan ikertuko dabela esan, eta portaera ez egoki batzuk be ikertu behar dirala. Etxebarriaren bertsinoaren arabera, hori ez da egia: “Ez egoan akordiorik, ez gendualako baimenik eskatu. Imajinatzen dot sailburuak esan dauanaren frogaren bat eukiko dauala”.

Bestalde, atxilotutako edo kolpekatutako kideak zelan dagozan esan deusku: “Txarto dagoz. Batek handituta eta baltz eukan begia, beste batek borraren markak ditu… Deustuko Anbulategira joan ziran, baina ez dagoz ospitalean”. Esan dogun moduan, atzo manifestazinoa egin eben Loiuko istiluak salatzeko. Dana dala, hemendik aurrera euren burrukan zentrauko dira: “Geure helburua ez da Eusko Jaurlaritzaren edo Ertzaintzaren kontra egitea, baizik eta Palestinaren egoerea salatzea eta Eusko Jaurlaritzak edo euskal enpresek Israelegaz dabezan harremanak salatzea“.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00