Euskal Herriko Eskola Publikoetako Gurasoen Elkarteak (EHIGE) eta Bidezko Elikadura GKEk Jan eta ikasi, eskolatik hasi izeneko kanpainaren barruan eskola jantokien errealidadean sakondu gura izan dau. Bizkaia Irratiko Alfre Elgezabal kazetariak kanpaina horretako bideopodkast baten Nerea Olaziregi (Erandioko Altzaga eskolako jantoki arduraduna) eta Irati Lucas (Bilboko Zamakola ikastetxeko eskola jantokiko burua) alkarrizketatu dauz. Hezkuntza zentro gehienetan jantokietako arduradunak eskola bereko irakasleak dira.
“Jaurlaritzak katering enpresa pribadu bat kontratetan dau eta guk Hezkuntza sailaren eta enpresa horreen arteko bitartekaritza lana egiten dogu” esan deusku Nerea Olaziregik. “Jantokiko begirale izentetan doguzan pertsonak hezitzaileak dira. Hezitzailea zarenetik formazino bat, lan baldintza batzuk eta autortza bat behar dozuz” esan deusku Irati Lucasek.
Bizkaiko eskola batzutan euskeraz ez dakien jantokietako begiraleak dagoz. “Behargin horreen kontratazinoan euskerea jakitea lehenesten da baina ez da derrigorrezkoa. Guri baten baten, D eredu batera, jantokietako behargin erdaldunak bialdu deuskuez” salatu dau Bilboko Zamakola eskolako jantokiko arduradunak.
Jantoki batzordeak
Eskola batzutan jantoki batzordeak eukiten dabez. Familien ordezkariak eta hezkuntza zentroko zuzendaritza taldea egoten dira. “Jantokiko begiraleak be konbidetan doguz jantoki batzordera euren eretxia garrantzitsua dalako. Pertsona honeek ahaldundu behar doguzala uste dot eta espazio bat eskaini behar jakela” esan dau Irati Lucasek. “Hezkuntza komunidadea batzeko oso espazio ona dala pentsetan dot. Erandioko Altzagan ez daukagu eta aurton batzorde hori eratzeko erronka daukagu” adierazo dau Nerea Olaziregik.