Erabilitako etxebizitzen prezioa %6 baino gehiago igo da Euskadin urtebetean. Euskal Autonomia Erkidegoa da preziorik altuenak daukazan hirugarren erkidegoa, Balear uharteen ta Madrilen atzetik. Gero eta desoreka handiagoa dago eskaintzaren eta eskariaren artean, batez be gehien eskatzen diran arloetan. Etxebizitza gitxi dago salgai eta aurten iaz baino etxe gitxiago salduko dira, nahiz eta maiatzetik hona igoera txiki bat izan dan. “Leitekeena da urrian be Europako Banku Zentralak interes tasak barriro jaistea, Euriborrak be behera egin dau; kontua da etxebizitzaren merkadua oso tenkatuta dagoala baina egia da be salerosketen aurreko egoerea eskasagoa zala. Zalantza barik interes tasen beherakadak herritarrak etxe bat erostera animauko dauz” adierazo dau Niko Cuencak.
Eusko Jaurlaritzak pasa dan barikuan esan eban euskal ekonomia aurton %1,9 haziko dala eta datorren urtean %2,1. Euskal ekonomian industriak daukan pisuak (%20tik gorakoa) dana baldintzatzen dauela uste dau Cuencak. “Industrian makal gabilz, turismoak salbau gaitu” azaldu dau ekonomialari bizkaitarrak.
Bestalde beharginen balizko baja malguak proposatu dauz Elma Saizek Espaniako Gobernuaren Gizarte Segurantzarak PSOEko ministroak. “Erresuma Batuan gertatzen da. Bi lan daukazan autonomo batek, lan bat etxetik egin leike eta beste lantokitik. Bajea emoten badeutse ezin dau ez batean ez bestean lanik egin. Gaixotasunaren arabera akaso etxetik lan egiteko erea egon leike” esan dau Cuencak.
Urriaren 15ean, zortzi egun barru, Finantzen Euskal Kontseiluaren batzarra egingo dabe. Orain arteko diru-batzeari buruz berba egingo dabe hiru diputadu nagusiek eta Ogasun sailburuak. Bilera hortatik urten leikenari buruz be galdetu deutse Goizeko Izarretan.