Gaurtik domekara bitartean Herrien Batasuna folk jaialdiaren bigarren edizinoa egingo dabe Erandion. Astrabuduako Mendiguren plazak kontzertuak, erromeriak, euskal dantzak eta umeentzako jarduerak hartuko dauz. Euskal Herriko taldeek parte hartuko dabe, baina baita Galiziakoek, Extremadurakoek eta Valentziakoek be.
Horreen artean, Fetén Fetén, Sonakay, Oxabi, Nogen, Lilaina, German Ruiz edo Luhartz.
Nogen taldeko Alex Irazusta abotsa eta gitarristeagaz egin dogu berba. Talde donostiarrak Glastonbury singlea kaleratu eban martian, hiru urte eta gero. Boskotea disko barria prestetan dabil. Alex Irazustak kontau deuskunez, kantuak banaka sortu eta grabatzen joango dira. Lehenengoz, produktore diferenteakaz lan egitea erabagi dabe. “Orain prozesu diferentea jorratzen gabilz eta horrek asko emozionetan dau” esan deusku Nogeneko taldekideak.
Zazpi urte igaro dira Nogen folk-pop taldea jaio zanetik, eta bidean hiru disko plazaratu dabez. Aurkezpen diskoa 2016.urtean kaleratu eben, Lys EPa. 2018an taldearen lehenengo lan luzea ezagutu genduan: Liv til doden. Orain arteko azkanengo argitalpena, Under Alt, 2020an plazaratu eben donostiarrek.
Bihar, maiatzaren 12an, Nogen taldeak Erandioko Mendiguren plazan joko dau, 21:00etan, Herrien Batasuna folk jaialdiaren barruan.