Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da asteon Artedrama eta Axut konpainien antzezlan barria, Nor naizen baneki. Zemendiaren 5ean eta 6an izango dira emonaldiak. Luhuson estreinau zan antzezlana urriaren 17an. Donostian eta Azpeitian izan dira orain arte. Ximun Fuchs zuzendariak esan deuskunez, antzokiak beteta eskeini dabe antzezlana orain arte. Pozik azaldu da publikoak izan dauan erantzunagaz.
Irulegiko eskua
Ximun Fuchsek, Harkaitz Cano idazleagaz batera idatzi dau Nor naizen baneki. Aipatu behar, Irulegiko eskuaren aurkikuntzea izan zala abiapuntua. Orduan pentsau eban zeozer idatzi behar ebala aurkikuntza horretatik abiatuta. Bidean, Aranzadiko arkeologoagaz be izan dira testuaren egileak zein aktoreak be. Istorioari jagokonez, indusketa lanak dira antzezlanaren oinarria. Antzoki bat eraitsi behar dabe, indusketa prebentiboak egin behar dira aurretik eta aurkikuntzaren bat egingo dabe protagonistek. Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Idoia Tapia, Manex Fuchs eta Oier Zuñiga dira aktore protagonistak. Pertsonai bat baino gehiago dauka bakotxak. Istorioaren garai bakotxean, pertsonai bat hain zuzen. Garoak eta Idoiak azaldu deuskuez eurenak. Argiztapenak garrantzi handia dauka antzezlanean. Musikeak be bai. Xabier Erkizia arduratu da musikaz eta Garazi Navasek koru lanak egiten dauz. Nor naizen baneki, Bilboko Arriaga antzokian ikusi ahal izango da eguaztenean eta eguenean, iluntzeko zazpi ta erdietan.
