Nabarnizen bizi dan Pablo Gonzalez kazetaria Moskun dago, Gerra Hotzaz geroztik preso trukerik handienean aske geratu ostean. Oihana Goiriena bikotekideak Bizkaia Irratiaren esan deutsanez, ez eben holakorik itxaroten. “Honek gauzak diskrezinoz egin behar dira. Diskrezino osoz eroan dabe, nik neuk be atzo jakin neban” aitortu deusku. Hondino ez dau bere bikoteagaz berba egin. “Pausuz pausu goaz, lehenengo eta behin berba egin behar dogu, zelan dagoan bera, eta gero ikusiko dogu noiz etorriko dan” esan deusku Goirienak.
Pablo Gonzalezek bi urte eta bost hile egin dauz preso Poloniako kartzela baten. Bere behin-behineko espetxealdia luzatzen joan dira, eta ez dabe epaitu ez bere kontrako frogarik aurkeztu be. Denpora tarte horretan kazetariaren familiak ez dau Espainiako gobernuko agintarien deirik jaso. Oihanak azpimarratu deuskunez, “orain be ez dot deirik jaso, espero be ez dot egiten, eta nahi be ez. Orain ez dau ezertarako balio”.
Pablo Gonzalez preso egon dan bitartean, Oihana Goirienak baten baino gehiagotan eskertu dau herritarren, ingurukoen alkartasuna. Bizkaia Irratiaren mikrofonoetan nabarmendu dauanez, Pablo aske geratu izana “nabarniztarren eta elantxobetarren garaipena be bada“.