EAJko hautagaiaren eretxian Europak asko dauka jokoan. “Eskuin zein ezker muturreko politikek hartutako indarrari buruz ohartarazo behar dogu, EAJ beti erdigunean mantendu da” azaldu dau Oihane Agirregoitiak. Demokrazia, askatasuna eta bardintasun soziala arriskuan dagozala esan dau politikari bilbotarrak. Eusko Jaurlaritza Batasuneko ECOFIN taldean egotearen beharrizanaz ordezkari jeltzaleak esan dau, EBn 27 gehi 4 ogasun (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa) dagozala onartuta. “Oso garrantzitsua da ogasun kontuei buruz berba egiten danean, gu geu hantxe egotea” aitatu dau Agirregoitiak.
Nekazaritzea eta industria
Iparraldeko eta Hegoaldeko gaurko protesteari buruz be galdetu deutsagu Agirregoitiari. EAJren eretxian nekazariei burokrazia sinplifikau behar jake eta merkadu bateratura sartzen diran produktuei kontrol zorrotzagoa egin behar jake. “Ezin deutsegu gure ekoizleei gauza bat eskatu eta kanpokoei ez” azaldu dau Agirregoitiak. Bestalde, gaur BECen Makina Erramintaren Biurtekoa hasi da eta ekoizle batzuk esan dabe Europar Batasunak Txinagaz lehiatu ahal izateko muga-zergak edo arantzelak jarri beharko leukezala. “Europak Txinarekiko daukan menpekotasuna gitxitu behar dauela uste dot. Jarraipen estua egin behar jake kanpotik datozen produktuei. Arantzelena? Gu dana berraztertzearen aldekoak gara. Trantsizino digitalean eta ekologikoan be oreka mantendu behar dogu sektore horretan lanpostu asko daukaguzalako” aitatu dau Agirregoitiak.
Euskerea eta kultura
Hizkuntza eta kultura gitxituen komisario bat egotea proposatu dau EAJk. “Alderdiak euskerea Europako erakundeetan egoteko egindako lana oso garrantzitsua izan da. Gogoratu behar dogu gaur egun Europan 40 milioi pertsona inguruk hizkuntza gitxituren baten berba egiten dabela” azaldu dau EAJko hautagaiak.