"Espetxeko ekonomatoa Eroski txiki baten modukoa da" esan deusku Josuk

Presoek astean 14 telefono dei egin leikiez eta %25ak egunkaria irakurten dau egunero

Olatz: “Basaurikoa mogimendu handiko espetxea da”

Basauriko espetxea / Bizkaia Irratia

Espetxetik urten eta espetxera sartzen diranen joan-etorriak kontroletako presoen espedientea edo agiria dago eta administrazino gestino hori egiten dauenetariko bat Olatz da, Basauriko espetxeko administrazinoan dabilen behargin bat. “Basauriko espetxean tratamendu batzorde bat dago eta horretan legelariek, gizarte hezitzaileek, psikologoek eta espetxeko zuzendariak parte hartzen dabe. Hortxe presoen graduari buruzko proposamena egiten da” azaldu dau Olatzek.

Presoek euren familiagaz harremantzeko hilean 4 bis a bis euki leikiez eta bikotekideagaz modu intimoan logela baten egoteko hilean 2 bis a bis. Horregaz batera bederatzi lokutorio dagoz eta horreetan telefono baten bitartez, kristala erdian dagoala minutu batzutan berba egin leikie. Espetxean ez dago telefono mogikorrik, telefono kabina bi dagoz eta preso bakotxak astean 14 telefono dei egin leikez.

Presoek egunero espetxean armozau, bazkaldu eta afaldu egiten dabe. Presondegiko eskatzan 10 pertsonak behar egiten dabe, horreen artean hiru sukaldariak dira eta euretariko bategaz berba egin dogu. “Danerik dekogu, babarrunak, pasta, barazkiak eta batez be arraina, arrain asko sukaldatzen dogu” azaldu deusku sukaldariak.
Urteko egun berezietan menu bereziak eukiten dabez eta erlijinoaren araberakoak edo medikuek emondako gomendioen araberakoak be izaten dira. Preso musulmanen Ramadan sasoia be kontuan hartzen dabe.

Liburutegi txiki bat daukie, txoko horretan presoek egunkaria eta liburuak irakurri leikez. Guztira 1900 liburu daukiez, batzuk zaharkituta eta hori dala baten batek liburuen donazinoren egin nahiko baleu ba oso eskertuta egongo litzatekezala. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez edo arabieraz idatzitako liburuak daukiez. Arabiar jatorriko presoek gaztelerazko klaseak jasoten dabez espetxean bertan, irakasle batek 6-8 ikasleri gaztelaniazko klaseak emoten deutsez. Presoen %25ak liburutegia egunkaria irakurteko erabilten dabe.

Presoek dirurik erabili leikie? Ba guk erabilten dogun diru fisikoa ez. Espetxe barruan produktu batzuk erosteko denda txikia edo ekonomatoa dago. Ze motatako dirua erabilten daben, diru hori nondik datorren eta ekonomatoan zer erosi leikien azaldu deusku ekonomatoko langilea dan Josuk. “Ekonomatoan gailetak, txokolatinak, alkoholik bako edariak… danerik dekogu. Eroski txiki baten modukoa da” azaldu deusku Josuk.

Eusko Jaurlaritzak espetxeen jaubetza eta kudeaketea hartu ebanetik bi urte pasau dira eta apurka apurka langile gazteak Martutenen, Basaurin eta Zaballan hasi dira lanean. Josu eta Olatz Basaurikoan beharrean hasi diran gazte bi dira. Espetxea lantoki lez aukeratzera zerk bultzatu ebazan azaldu deuskue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00