“Markos Gimenoren Karteletrak” izeneko erakusketea zabaldu da asteon Gernika Lumoko Euskal Herria museoan.
Joseba Sarrionaindia eta Esteban Montorio izan dira erakusketaren komisarioak. Horrez gain, biek, “Markos Gimenoren 101 Karteletrak” liburua be kaleratu dabe.
Ermuako artista
Ermuan jaiotako sortzaileak bere buruaz beste egin eban 2018. Urtean Eibarren. Leire Irazabal, Euskal Herria museoko zuzendariak gogoratu dauanez, bipolaridadea eta depresino-aldiak izaten ebazan Gimenok. Antzerkia egin eban Gimenok, ahozko esperimentazinoa, Zerorajasoa.com izeneko bloga eukan, Club Palindromo Internacional alkarteko kidea izan zan eta musikari jagokonez, baxujole eta abeslaria izan zan Julio Kageta edo Dantzuk taldeetan. Joseba Sarrionaindiak azaldu izan dauanez, Markos Gimeno ezagunago egiteko garaia da. Antza danez, Kubatik etorri zanean, harrituta geratu zan Iurretako idazlea ia inork ez ebalako Gimeno ezagutzen.
Kartela eta erakusketea
Euskal Herria museoan zabaldu dan erakusketan 53 kartel dagoz ikusgai. Gimenoren palindromoei irudia jarri deutsie artista desbardinek. Tartean izan dira, Jose Antonio Azpilikueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal edo Sonia Gonzalez.
Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok “Markos Gimenoren 101 Karteletrak” liburua be egin dabe. Gimenok asmatutako milaka palindromotik 101 aukeratu dauz Sarrionaindiak. Pamielak argitaratutako lana, palindromoaren, irudiaren eta Sarrionaindiaren testuen arteko narrazino bat da. Durangoko Azokan egongo da eskuragai. Euskal Herria Museoan, apirilera bitartean, jarduera bat baino gehiago egingo dira erakusketeagaz lotuta. Tailerrak egingo dira, graffiti tailerra tartean, aurkezpen poetiko musikalizatua eta amaitzeko Mursegoren kontzertua apirilaren 19an. Tailerretan parte hartzeko izena emon behar da aurretik Euskal Herria museoan.