Emakume talde batek Ondarroatik Donostiara egingo dau arraun asteburu honetan. Andrak Erramutan talde feministaren eskutik, 45 urtetik gorako 37 emakumek 110 kilometroko arraunean egiteko erronkari ekingo deutse. Goizeko 8: 00etan hasiko dira Ondarroan eta Gipuzkoako hainbat herritan geldialdiak egingo dabez.
Amaia Lasarte arraunlariak berba egin dau Bizkaia Irratian. Lasarte pozik agertu da aurrean daukien erronkeagaz eta hasteko gogo handia daukiela dino: “Errespetu handia deutsagu erronkari, baina ilusinoa aurretik dago“. Orion egin eben lehen erronkea 2018an eta Bilboraino joan ziran arraunean. Hainbat emakume mobilizatu ziran kostaldeko herrian erronkea egiteko eta Donostiaraino arraunean joateko. Taldeak helburua argi dauka eta inork ez deutso kenduko: “Emakumea eta batez ere adin bat daukienak bistaratu nahi ditugu“.
Erronkea goizeko 8: 00etan hasiko da, arrantzaleen kofradiaren sirena entzutean. Negu gogor baten ondoren, dana ondo badoa eta itsasoa egoera onean badago, Mutrikurantz abiauko dira beste bi trainerugaz. Ondoren, ibilbidea jarraituko dabe eta lehenengo geldialdia Orion egingo da, non klubeko arraunlarien harrerea jasoko daben. Lasarte urduri agertu da itsasoaren baldintzakaitik: “Itxaroten dogu itsasoa haserre ez egotea, erronkea trankil amaitu gura dogu eta“.
Erronka hau egiteko buru-belarri lan egin behar izan dabe. Urritik lanean aritu dira lubakian, emakume askok ez dabelako arraunean egiten. Ondoren, urtarrilean itsasora jauzi egin eben eta ordutik ez dira gelditu. Arraunlariak onartu dau gogorra izan zala neguan hastea: “Persona batek edo bik bakarrik ekien arraunean; orain, gitxi gorabehera, prest gagoz erronkeari aurre egiteko “.
Hurrengo erronkea
110 kilometroak amaitu ondoren, Lasartek onartu dau pena handia emongo deutsela amaitzeak, eta hurrengo erronka bat izatea espero dabe. Oraingoz, euren artean berba egin dabe, eta “eskaerak jasoteko prest gagoz” dino. Ez dakie erronka barririk atarako dan edo ez, baina argi daukie beste neska belaunaldi batzuei ateak zabaltzea itxaroten dabela.