Saharako Euskadiko Ordezkaritzako, Oporrak Bakean programea laguntzen daben udalak eta ekimena posible egiten daben harrera alkarte eta familietako ordezkariak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean bildu ziran joan dan astean. 2024ko udarako komunikazino kanpaina barriaren eta helburuen barri emoten eben.
Garazi Etxebarria Durangaldeko Hamadako Izarrak taldeko kideak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, Oporrak Bakean ekimena “harrera programa bat baino gehiago da”. Mendebaldeko Saharan konpondu beharreko gatazka politiko bat dagoala gogora ekarteko balio deusku, besteak beste. “Udan hona etorten diran ume sahararrak bihurtzen dira enbajadore txiki. Eurak dira gogoratzen deuskuenak eta mapan barriro jartzen dabenak Mendebaldeko Saharan dagoan gatazka politikoa”.
Oporrak Bakean programea 30 bat elkarteren eta erakunde publiko ugariren artean kudeatzen da Euskadin. Aurton pandemia aurreko urteetako kopuruetara iritsi gura dabe. Pandemia garaian urte biko etenaldia egon zan eta ostean, 2022an 153 ume etorri ziran eta 183 2023an. Uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukerea eskaini gura jake. Orain 38 urte sortu zan Oporrak Bakean harrera programea.