Gaixotasun mentala eta desgaitasun intelektualaren inguruko erreportaje berezia

Eragintza Fundazioak, Apnabi Autismo Bizkaiak eta Argia Fundazioak egiten daben lana ezagutzeko aukerea euki dogu

Osasun mentalaren inguruan lan egiten daben hiru erakunde bisitau doguz

Alkarte desbardinak / Bizkaia Irratia

Bizkaian badagoz hainbat erakunde Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala daukien pertsonei eta euren familiei laguntzen, babesten, behar dabezan baliabideak zihurtatzen, euren eskubideak defendatzen eta euren gaitasunak azpimarratzen eta zabaltzen dabiltzanak. 

Gizartean ezjakintasun handia dago osasun mentalaren inguruan, estigma itzelari aurre egin behar deutse mota horretako arazoak daukiezan pertsonek. Horrek sufrimendu handia eragiten dau eta argi euki behar dogu gaixotasun fisikoekaz gertatzen dan moduan edonork sufridu ahal dauala gaixotasun mentala edo desgaitasun intelektuala edozein momentutan.

Desgaitasun intelektuala eta gaixotasun mentala zer diran, zelan bizitzen daben eta daukiezan beharrak eta gaitasunak ezagutzeko Bizkaiko hiru erakunde bisitau doguz; Eragintza Fundazioan, Apnabi Autismo Bizkaian eta Argia Fundazioan ezinbesteko lana egiten daben adituakaz eta erabiltzaileakaz berba egiteko aukerea euki dogu 

Eragintza Fundazioa

Eragintza 1991an jaio zan. Gaixotasun mentala daukien eta enplegua lortu gura daben Bizkaiko pertsonei lotuta dago. Disziplina askoko adituak dagoz Eragintza Fundazinoan lan egiten. Zerbitzu desbardinak eskeintzen dabez; Psiko-lan Zerbitzuak, Zentro Okupazionalak eta Enplegu Zentro Berezia besteak beste. Programa desbardinak daukiez erabiltzaile bakotxaren beharretara moldatuta be.

Eragintzak Sondikako, La Olan daukan zentrora hurreratu gara egiten daben lana ezagutzeko. Berton Izaskun Landaida, Eragintzako zuzendariagaz, Alex Agirre, lorezaintzako monitereagaz eta Jon Armero Garate, Eragintzako erabiltzaileagaz berba egin dogu.

Apnabi Autismo Bizkaia

Apnabi Autismo Bizkaia 1978an jaio zan, autismoa daukien pertsonen familiei laguntzeko. Azkenengo urteetan erakundeak eboluzino handia bizi dau eta gaur egun erabiltzaileek protagonismo osoa daukie.

Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN), nerbio-sistema zentralaren heltze prozesuarekin lotuta dagozan funtzinoen garapeneko nahasteak dira. Arlo horretan erreferente da Apnabi Bizkaian. Zerbitzu eta programa asko eskeintzen dabez autismoa daukien pertsonei eta euren familiei laguntzeko.

Apnabi Autismo Bizkaian egiten daben lana ezagutzeko Ainhoa Basarrate, komunikazino arduradunagaz berba egin dogu.

Argia Fundazioa

Argia Fundazinoa 1988an sortu zan, Algortako Trinitarioen eleiza alboan egoan ikastetxea zarratu ostean. Gaixotasun mentala daukien pertsonei eta familiei laguntzea eta babesa emoten deutse. 

2023an Argia Fundazinoak jaso eban Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik Aitortutako Jardunbide Egokien saria, “Eguneroko -Bizitza Esanguratsua” atalean, aktibismoa bultzatzeagaitik gizartea aldatzeko eragile gisa. Argian osasun mentalagaz arazoak euki dabezan edo daukiezan pertsona batzuek ekintzaile edo aktibista bezela egiten dabe lan beste erabiltzaileei euren esperientziatik laguntzeko.

Argia Fundazinoak egiten dauan lana hobeto ezagutzeko Ziortza Ostolozaga, Psikologoa eta Eguneko Ospitaleko arduradunagaz eta Igone Dublín, bere esperientzia kontetan “Arcoiris en la niebla” liburua idatzi dauan aktibisteagaz berba egin dogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00