Ez da libururik erabilten

Ikasgaiak alkarrekin lotutako proiektu eta tailerretan egituratzen dira

Otxarkoaga Heziketa zentroan metodologia aktiboa eta parte-hartzailea eskeintzen da

David Fuentes eta Oihane Liz / Bizkaia Irratia

OTXARKOAGA Heziketa zentroa heziketa integraleko Elizbarrutiko Zentroa da. Otxarkoaga auzotik Bilbo eta Bizkaia osoko ikasleei zerbitzuak eskeintzen deutsez. Gazteak eta nerabeak hezten dabez, gizakiaren, bizitzearen eta munduaren ikuskera humano-kristauarekin, eta metodologia pertsonalizatuagaz. Gazteak motibatzen dabez, ikasleen banakako beharrei erantzuten deutsen planakaz.

Irakaskuntza-jarduera 12 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dago, bai irakaskuntza arautuan, bai arautu bakoan, eta arreta berezia eskaintzen deutse egoera ahulenean dagozan pertsonei (eskola-porrota, gizarte-arazoak, hezkuntza-premina bereziak). Euren lana da, ahalik eta titulazino handienagaz lan-munduan sartzen laguntzea edo ikasten jarraitzea lortzea. Hori lortzeko, Otxarkoaga Heziketa zentroko metodoa irakaskuntza pertsonalizatuan oinarritzen da, ikasleen ezaugarrietara egokituta.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 12-16/18 urteko gazteei zuzendutako da, ikaskuntza praktikoagoa eta beren ezaugarrietara egokitua izateko interesa dabenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduadua lortu nahi dabenak. Horretarako metodologia aktiboa eta parte-hartzailea erabilten dabe, ikasgaietan lortu beharreko edukiak eta gaitasunak esanguratsuagoak eta funtzionalagoak eginez, ikasgaiak alkarrekin lotutako proiektu eta tailerretan egituratuz (sukaldaritza, baratzea, asmakizunak eta makinak, komunikabideak, ezagutza historiko-geografikoa, ingurumena), materialak ikasleen ezaugarrien eta landu beharreko proiektuen eta tailerren arabera landuz.

4. mailan, lan praktikoak ikastetxean dagozan espezialitateetako tailer profesionaletan egiten dabez. Familiekaz edo legezko arduradunekaz lankidetza estuan aritzen dira ikasleen eguneroko jarraipena eginez, une bakoitzean behar diren neurriak hartzeko. Talde txikietan eta liburu barik lan egiten dabe. Nazionalidade askotako ikasleak dabez. Gaur egun DBHn 300 ikasle dagoz eta guztira, zentroan, 100 irakaslek lan egiten dabe. Estudioan izan dira Oihane Liz eta David Fuentes Otxarkoaga Heziketa zentroko DBHko irakasleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular