Zabala eta Goitiak hurrengo fasean egon nahi dabe

Zapatu honetan erabagiko dira finalerdietarako gainerako bi bikoteak

Partidu erabakigarriak jokatuko dira Markina-Xemeingo Grand Slamean

Markina-Xemeingo Uni frontoia jendez beteta / Eraman! Jai Alai Gara

Markina-Xemeingo Grand Slamaren hasiera harrigarria izaten ari da eta giro bikaina bizi izan da frontoian lehen bi jardunaldi hauetan. Zapatuan, bi partida erabagigarri jokatuko dira hirugarren jardunaldi jagokonez. A multzoan, Erkiaga-Zabala Laduchen eta Basqueren aurka arituko dira. Aldiz, B multzoan, Goitia eta Gorka Olharan-Ibarluzearen kontra.

Hori dala eta, Jon Zabala eta Alex Goitia Bizkaia Irratiko mikrofonoetatik pasa dira gugaz berba egiteko. Zapatu norgehiagokarako gogotsu dagoz biak: “Motibazino handiagaz hartzen dogu partidua eta finalerdietan egon nahi dogu“. Bi parejeak behartuta dagoz zapatuko partidua irabaztera eta hori ez bada gertatzen euren lana amaitutzat emango da txapelketa honetan.

Erkiaga-Zabalak bi setetan galdu eban Barandika-Lopezen aurka, 12-15 eta 10-15. Gainera, Laduchek eta Basquek mahai gainean kolpea emon eben Barandikari eta Lopezi irabazi ostean. Honek, bizkaitar parejeari hurrengo jardunaldian 2-0 irabaztera behartzen dau. Laduchek eta Basquek set bat irabazten badabe, lapurtarrak finalerdietara pasauko dira. Zabala itxaropentsu agertu da: “Ez daukagu besterik eta gure onena emango dogu bi jokotan irabazteko“. Parejeak itxura ona emon nahi dau eta “bi setetan ez bada, partidua irabazi nahi dogu”.

B multzoan, Goitiak eta Gorkak, joan dan zapatuan,  8-15, 15-12 eta 1-5 galdu eban Johan eta del Rioren aurka azken setean. Goitiak eta Gorkak ez eben partidarik onena jokatu eta orain multzoko liderraren aurka galdu eben. Goitia argi agertu da Bizkaia Irratiko mikrofonoen aurrean: “Oso hotz hasi ginan partidua eta urduritasunak baita be pasada txarra jokatu euskun“. Zapatu honetan, irabazteak bakarrik balio deutse. Bikote bizkaitarrak 2 puntu daukoz eta Olharanek eta Ibarluzeak 0. Irabazten dauenak txapelketean aurrera egingo dau.

Etxeko mutillak

Jon Zabala eta Alex Goitia, biak, markinarrak dira. Lehiaketa hau etxean jokatzen ari dira eta biek onartzen dabe lagun eta senideen laguntza handia izaten ari dirala. Goitia Ibarluzearen aurka lehiatuko da, hau be Markinakoa. Pelotariak pelotalekua zatituta egongo dala uste dau, baina Olharanekin jokatzeak tira handia egiten dauela eta baleiteke askok horregaitik beste bikotea nahiago izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00