Eusko Ikaskuntzak ‘Elkartzen gaituena’ lelopean bere XIX. kongresua egingo dau aste honetan. Azkeneko kongresua orain dala 6 urte izan zan, Eusko Ikaskuntzak mendeurrena ospatu ebanean. Eusko Ikaskuntzak bi helburu nagusi euki dauz beti. Alde batetik, ikerkuntza eta kulturea bultzatzea, bestetik, Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko aurreikuspena egitea. Kongresua eguaztenetik barikura bitartean egingo dabe Gasteizko Europa Jauregian.
Patxi Juaristi, Eusko Ikaskuntzaren kongresuko zuzendaria, Goizeko Izarretan irratsaioan euki dogu gaur. Euskal jendartearen eta lurraldearen kohesinoa hobetzeko Herri Itun baterako hasierako baldintzak sortu gura dauz Eusko Ikaskuntzak. Baldintzak horreek lantzeko hiru ardatz proposatzen dabez: lurraldea, jendartea eta eredu sozioekonomikoa. Kongresuaren egun bakotxak gai horreetariko bati helduko deutso eta makina bat adituk horreei buruz berba egin dabe. Izen handiko hizlariek parte hartuko dabe hiru eguneko kongresuan: Hur Gorostiaga, Igor Ahedo, Nerea Melgosa, Carmen Innerarity, Tomás Arrieta, Jon Barrutia, Alberto Ansuategi, Hillary Cottam, Marian Angeles Durán, Jaume Lopez, Ximun Karrere etabar luzea…
Kongresuaren hasierako egunean eredu sozio-ekonomikoaz arituko dira. “Ordaindu bako beharrei buruz be gogoeta bat egin nahi dogu, baita belaunaldien arteko alkartasunari buruz be. Gizarte kohesionadu bat eukiteko eredua aztertuko dogu” azaldu deusku Patxi Juaristik.
Urriaren 3an euskal identidadea eta euskal nortasuna iznago dira protagonista. “Kulturea kudeatzeko moduak zeintzuk izango dira? 2030ean euskal nortausna zelakoa izango da? Hori guztia aztertu nahi dogu” adierazo deusku Eusko Ikaskuntzako kideak.
Barikuan, azken egunean, lurralde kohesionaduago bat eukiteko gogoetek hartuko dabe lekua. “Herri txikien eta uri handien arteko harremanaz berba egingo dogu, izan be, gero eta gehiagok uri handietarako bidea hartzen dabe. Iparralde eta Hegoalde arteko mugeari buruz be berbaz arituko gara. Mugea euskaldunentzat oztopoa izan da beti baina guk uste dogu aukerea be izan leikela” gaineratu dau Juaristik.