"Hizkuntzaren inguruan epai judizialek sortu daben eztabaidea lasai hartu behar da" esan dau PSEko kideak

"Euskal ekonomia Alemania txiki bat izan da beti" esan dau PSE-EEko legebiltzarkideak

Pau Blasi: “PSE-EEren hamargarren kongresura indartsu heltzen gara”

Pau Blasi (PSE-EE) / Bizkaia Irratia

Euskadiko Alderdi Sozialistak (PSE-EE) bere X. kongresua ospatuko dau asteburu honetan, eta alderdiaren zuzendaritzako kidea eta legebiltzarkide Pau Blasi Goizeko Izarretan euki dogu gaur. Blasik azpimarratu dau kongresu honen helburu nagusia orain arte landutako ideiak praktikan jartea dala. “Indarra daukagu, ideiak doguz, eta orain unea da gure eskumen guztiak baliatzeko, euskal herritarren arazoei urtenbideak emoteko”, adierazo dau.

Politika progresistak eta barriak

Legegintzaldi honen hasieratik PSEk bultzatu dauzen politika progresistak defendatu dauz Blasik, beren-beregi osasungintza, industria eta ekonomiaren arloetan egindako lanari jagokonean. Horrekin batera, Blasik azpimarratu dau sozialisten ikuspegitik euskal ekonomia beti izan dala Alemania txiki bat, industrian eta barrikuntzan oinarrituta, baina azkenaldian indar hori galtzen ari dala. “Horregaitik, gobernuak lidergoa hartu behar dau, eta enpresakaz alkarlanean lan egin behar dogu gure ongizate-sistemea indartzeko” gehitu dau.

Eusko Jaurlaritzako jarduna eta estatus politiko barria

Eusko Jaurlaritzako jardunari jagokonez, Blasik nabarmendu dau PSE “oso eroso” dagoala egungo gobernu akorduagaz. “Akordu sendoa dogu EAJgaz eta horren barruan definiduko bide orria argia da” adierazo dau. Hala ere, EAJren zenbait sailbururen ekimen faltaz be berba egin dau eta esan dau PSEk bere arloetan bultzadea emoten jarraituko dauela. Bestalde, Eusko Legebiltzarrean estatus politiko barri baten inguruan dagoan eztabaideari buruz galdetuta, Pau Blasik esan dau azken hamarkadetan egin dan lanari esker, estatutu barri baterako oinarriak badagozala eta legealdi honetan akordu bat lortzeko itxaropena dagoala.

Junts eta Espainiako gobernuaren etorkizuna

Espainiako politikeari jagokonean, Juntsen jarrerea kritikatu dau Blasik eta esan dau “azken orduko aldaketak” eta “onartezinak diran eskakizunak” egiten ari dirala. Hala ere Pedro Sanchezen gobernuak “egonkortasuna mantentzeko” bideak bilatzen jarraituko dauela uste dau. “Gobernu hau ez da jausi, eta akordio barriak bilatzen ari gabilz lotu barik” adierazi dau PSE-EEko ordezkariak.

Euskara eta administrazio publikoa

Euskara eta hizkuntza eskubideen inguruan, Blasik uste dau euskal administrazioan hizkuntza eskakizunak ondo zehaztuta dagozala eta sistema malgua dala. “Euskal gizartea plurala da, eta hizkuntza-politika horretara egokitu behar dogu” azaldu dau. Azken epai judizialek sortu daben eztabaidea lasai hartzeko eskatu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00