Sortuk zuzendaritza barria aukeratu barri dau eta Herri Gogoa ekimena onartuta, aurrera begirako bide orria be prest dauka. Xabier Iraola da koordinatzaile barria eta Idazkaritza Nazionalean beste hamalau pertsona inguru dagoz beragaz, tartean Paul Laka bizkaitarra. Hori dala eta, Lakagaz egin dogu berba gaurko Goizeko Izarretan irratsaioan.
Hasteko, Herri Gogoa ponentziak ekarriko dituan aldaketen ganean egin deusku berba: “Nobedade nagusia da geure mobimendu izaeran sakondu dogula. Herrialde honek behar dauan burujabetza prozesua esparru ezbardinetatik pasetan da”. Hemendik aurrera, beraz, Sortuk atomo moduan jardungo dau, barruko egitureari gitxiago begiratu eta beste dinamika batzuk elikatuta. Horren harira, mobilizazino preminea ikusten dau Lakak: “Orain arteko ordena globala kolokan dago eta mundu horretan Euskal Herriak bultzada sozial barritua behar dau”.
Bestalde, Sortuk proiektu nazionala eguneratzeko beharra identifikatu dau. Horretarako, erantzun beharreko erronka ezbardinak dagoz: “Proiektu nazionala erabarritzeko Euskal Herri gisa pentsau behar da”. Presoen auziari urtenbidea emon beharra be bada Sorturen gakoetarikoa. Egunotan ikusten gabilz baimenekaz urteten dabilzan presoen inguruan badagoala zeresana. Kontuak kontu, Laka baikorra da: “Azken urteek baikortasunerako arrazoiak emon deuskuez. Aurrerapausoak emoten ari dira”.
GKS
Sortuk gazteen artean lortu dau bere oinarria zabaltzea orain arte. Orain Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) sortu da eta gazte asko erakarri dau eta gainera oso kritikoak dira Sortugaz. Dana dala, Lakak ez dau uste arrakalik sortu danik: “Ez neuke esango arrakalik dagoanik, GKSk askapen prozesuaren logika bera oso era kritikoan irakurri arren. Bitartean, EH Bilduk gazteekaz konektatzea lortu dau azken urteetan”.
