Adimen artifizialaren aroan, Pirineoetako hizkuntzen presentzia bermatzeko adierazpena sinatu da. Mugaz Gaindiko Bikaitasun Sarearen Adierazpena sinatu da, hain zuzen. Pirineoetako hizkuntzen presentzia bermatzea da sare honen helburua. Euskeraz gain, katalanera, aragoiera eta okzitaniera dagoz tartean. Ekimena, Linguatek-IA izeneko proiektuaren barruan sartzen da. Aitzol Astigarraga Orain NLP zentruko koordinatzaileak azaldu deuskunez, lankidetza proiektua da honakoa. Adimen artifizialaren aro global honetan, lankidetza ezinbestekoa dala azpimarratu dau Astigarragak.
Bikoizketa automatikorako plataformea
Adierazpena sinatzeaz gain, bikoizketa automatikorako plataformea be aurkeztu da. Pirineoen alde bietako hizkuntza gitxituen digitalizazinoa eta adimen artifizialaren garapena da helburua. Plataforma hau urte amaieran abian egotea aurreikusten dabe. Europan, ez da beste inon gertatzen, eremu gitxi baten hainbat hizkuntza gitxitu egotea. Katalanerari jagokonez, adimen artifizialaren etorrerea dala eta egoera onean dagoala esan daiteke. Ezin da gauza bera esan okzitanera edo aragoieraz. Euskereari jagokonez, Aitzol Astigarragak esan deusku, egoerea ez dala txarra baina hizkuntza hegemonikoen aurrean kezkagarria bai. Linguatek-IA proiektuaren barruan egiten ari diran lankidetza hau, beste eremu batzuentzako eredu dala azpimarratu dau Astigarragak.
