Politeknika Txorierri EREVETS —Empowering the Renewable Energy Sector through VET Support in Sierra Leone— proiektu europarrean parte hartzen dabil. Afrikako herrialde horretan energia-sektorean Lanbide Heziketa indartzeko egitasmoa da honakoa. Proiektua Herbeheretako Maastricht Universityk koordinatzen dau, eta Politeknika Txorierrigaz gain, Sierra Leonako hainbat hezkuntza-erakundek be hartzen dabe parte. Horreen artean, Freetown Polytechnic, Eastern Technical University of Sierra Leone eta University of Sierra Leone – Fourah Bay College.
Aurreko hilean, zezeilaren 23tik 27ra, proiektuaren hasierako topaketea egin zan Sierra Leonan. Bertan izan zan Asier Zabala Politeknika Txorierriko mekanizazino irakaslea. Esan deuskunez, esperientzia polita izan da. Zabalak azaldu dauanez, egonaldi horrek proiektuaren abiapuntua markatu dau, eta lehenengo diagnostikoa egin dabe bertako egoerea ezagutzeko. Irakasleak nabarmendu dau Sierra Leonan pobrezia maila handia dagoala eta elektrizidaderako sarbidea oso mugatua dala. Horren harira, Zabalak gogorarazo dau Afrikako herrialde horrek energia transizinorako plan bat abiatu dauala, eta plan horrek gaitasun teknikoak eta profesionalak indartzea eskatzen dauala, batez be, energia barriztagarrien arloan.
Asier Zabalaren berbetan, Sierra Leonak baliabide natural ugari daukaz: eguzkia, haizea, ura… Halanda be, azpiegituretan eta hasierako inbertsinoetan dagozan mugek ez dabe ahalbidetu orain arte aukera horreek guztiz aprobetxetea. Horregaitik, EREVETS proiektuaren helburua ez da bakarrik energia barriztagarrien inguruko garapena sustatzea, baita horretarako behar dan prestakuntza sistema sendotzea be. Sektoreari lotutako profesional kualifikaduak prestau gura dabez.
