
Osakidetzak iragarritako psikologo ez espezialisten kontratazinoa salatu dau Psikologia Klinikoaren Euskal Alkarteak. Osakidetzak orain dala aste bi iragarri eban lehen mailako arretako osasun zentroetan psikologoak jarriko dituela. Esperientzia pilotu gisa, hamahiru osasun zentrotan jarriko dabez psikologoak. Azaldu dabenez, Osasun Itunaren ildo estrategikoetako batean dago jasota osasun psikologoaren figura sortzea.
Dana dala, Irati Armentia Psikologia Klinikoaren Euskal Alkarteko kideak salatu dauanez, psikologo ez espezialistak kontratatuz gero legea urratuko dabe. Izan be, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren arabera, lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan lan egiten daben psikologoek Psikologia Klinikoko Psikologo Espezialistaren titulu ofiziala izan behar dabe.
Errioxako aurrekaria
Errioxako Osasun Zerbitzua auzitara eroan eben eta 2024ko urtarrilean kondenatua izan zan arrazoi beragaitik, Espainiako Psikologia Klinikoko Alkartearen aldeko epaian lehen mailako arretako psikologoei eskatutako titulazinoari buruzko legea ez betetzeagaitik. Edozelan be, Osakidetzan osasun mentalean baliabideak zabaltzeko beharra argia dala dino Armentiak, baina urtenbide inprobisaturik hartu barik.