We are plenty in here – Euzkadin eginak (Pamiela) deitzen da Joseba Sarrionandiaren azken obra. Ameriketara joandako diaspora ardatz hartuta, Sarrionandiak Simon “Sam” Gandariasen bizitza eta testuak ikertu dauz: Gandariasek itxitako bertso sortak eta istorioak bildu dauz liburuan.
Simon Gandarias Ibarrangeluko Biderdi baserrian jaio zan 1897an. XX. mendearen hasieran, soldadutza egin orduko, Ameriketara joan zan, beste asko lez. Utah, Nevada, Kalifornia, Idaho eta Oregon aldean emon eban bizitza. Ofizioz, artzain lehenengo, obrero gero, eta tabernari azkenean. Afizioz, bertsoak egiten ebazan, bertsoak idatzi eta kopiatan zabaltzen ebazan lagunen artean.
Luhartz musika taldeak be kolaborau dau proiektuan. Gandariasen hamabi bertso musikatu dauz, eta Sarrionandiaren liburuan txertatu daben QR kode baten bitartez entzun daitekez. Luhartz taldearen webgunean be entzungai dagoz. Rafa Iriondok Bizkaia Irratian azaldu dauanez, Gandariasen testuetan emigrazinoaren momentu gogorrak agertzen dira, “benetako emigrante baten bizimodua” islatzen dabe. Musikalki, lanak, Ameriketako testuinguruagaz lotutako soinuak daukaz, country edo Far West kutsuagaz. Azkenik, Iriondok aurreratu dau, egitasmo honen hurrengo pausua musikatutako bertso horreek oholtza ganera eroatea dala, zuzeneko emonaldien bitartez.
