Musika Bulegoa Sariak irabazitako Jon Saenz eta Maite Ruiz de Erentxun bizkaitarrek, bat egiten dabe Fermin Muguruzak egindako kritikeagaz. Bagilaren 4an banandu ziran Musika Bulegoa sariak Biarritzen, Atabal aretoan. Jon Saenz getxoztarrak, Exodus obra musikalagatik jaso dau saria eta Maite Ruiz de Erentxun lekeitiarrak bere izena daroan diskoagatik. Biek bat egin dabe Fermin Muguruzak, saria jasotzerakoan berak be, esan ebazanakaz. Muguruzak erakundeek ETS musika taldeari emondako diru-laguntzea kritikatu eban. Musikari bizkaitarrak bat datoz kritika honegaz. Besteak beste, talde handiei diru asko emoten jakiela esan dabe eta talde txikiei diru gitxi.
Sariak indarra emon
Jon Saenzen Exodus obra musikala Bilboko Arriaga antzokian estrenau zan igaz. Opera esperimental modura definitzen da lan hau. Berak dino ez dala betiko opera bat. Akelarre Abesbatza, Lander Otaola eta Ensemble Sua taldeko musikariak dira Exodus operan, taula ganean ikusten doguzanak. Hegoa Alvarez Zorrozarena da libretoa, Sainzen bidelaguna, Ane Legarreta da zuzendari musikala eta Marta Eguilior zuzendaria. Momentuz, Arriagan baino ez dau eskaini Exodus.
Maite Ruiz de Erentxun lekeitiar akordeoilaria Bartzelonara joan zan musika ikasketak egitera. Bertan sortu dau bere izena daroan diskoa, ikaskideakaz batera. Lan hau, dagoan ordenan entzun behar dala dino. Euskal musika tradizionala eta jazz garaikidea buztartzen dauz, akordeoia eta jazza. Diskoa zuzeneko batzuen bitartean aukeratu ahal izan dau. Horretarako boskotea osotu dau Aura Martin, Christopher Perez, Alesander Peña eta Manuel Luquegaz. Jon Saenz eta Maite Ruiz de Erentxun pozik dagoz Musika Bulegoa saria jasota. Sari honek, musikagintzan jarraitzeko indarra emoten deutsiela esan deuskue.
