Artea neurtuko dabe eta parrokiako kanpaiak eskuz joko dabez Lejarza anaiek

Zezeilaren 16an, San Balendin egunaren hurrengo domekan, ospatuko dabe

San Balendin jai bitxia Zeanuriko Eleizondo auzoan

Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiek kanpaiak eskuz joko dabez / Bizkaia Irratia

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan. Zezeilaren 16an, San Balendin egunaren hurrengo domekan, ospatuko dabe. Jaia ospatzeko egitarau apala, baina era berean, bitxia antolatu dabe Eleizondoko auzotarrek. Goizeko 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian eta meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Santua eleizatik ateratzerakoan, herriko umeek agurra dantzatuko deutsoe santuari eta segiduan ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko.

Jarraian, ermitearen aurreko artearen neurketea egingo dabe. Aurten 66. urtea izango da. Pedro Lejarzak Bizkaia Irratiari esan deutsanez, 2007. urtean berreskuratu eben ohitura hau. Orain mende bat baino gehiago landatu eben artea bertan, eta urtero-urtero zuhaitz horren lodiera neurtzea ohitura bihurtu zan.

Artearen neurketearen aktea sinatu eta ostean, orain arteko maiordomoak —Igor Intxaurragak— datorren urtekoari —Iñaki Lejarzari— agiri-liburua eta ermitearen giltzak pasauko deutsoz. Iñaki Lejarza Andra Mari parrokiako azken kanpai-jolea izan zan. Umetan bere aitari laguntzen eutsan zeregin horretan, eta aita hil zanean, Iñakik bere lekukoa hartu eban. 46 urtean izan zan kanpaijolea, 1994ra arte, Andra Mari parrokia zaharbarritze lanak egiteko itxi zan arte.

Domekan Iñakiren semeek, Pedro eta Jose Antonio Lejarzak, San Balendin eguneko mezara deitzeko, eskuz joko dabez kanpaiak, garai bateko erritmo eta doinuak berreskuratuz. Pedrok azaldu dauanez, kanpaiak jotzea tradizino garrantzitsua izan da herrian, eta eskuz jotzeko aukerea izatea, ospakizunaren parte berezi bat izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00